Azkoitian kontsumo taldea aurkeztuko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urr. 22a, 14:15

Azkoitian kontsumo taldea osatzeko lanean ari da hainbat lagun, BasHerri taldearen eskutik eta EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Bihar, Elkargunean aurkeztuko dute kontsumo taldea, 18:30ean, eta bertan parte hartuko duten herritarren zerrenda osatzeaz...

Azkoitian kontsumo taldea osatzeko lanean ari da hainbat lagun, BasHerri taldearen eskutik eta EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Bihar, Elkargunean aurkeztuko dute kontsumo taldea, 18:30ean, eta bertan parte hartuko duten herritarren zerrenda osatzeaz gain, horren funtzionamenduaren nondik norakoak azalduko dituzte. Ekimenean parte hartzen dutenek astean behin «garaian garaiko» barazkiz osatutako otarra jasoko dute, ekoizlearen eskutik eta bitartekarik gabe. Aintzira Oñederrak, kontsumo taldeko kideak, «beharrezkotzat» jo du herrian ekimena aurrera eramatea, egungo nekazarien egoera «konplexua» delako: «Ez dituzte lan baldintza onak, eta ekoizten dutena merkaturatzea zaila dute». Baserritarrei laguntzeko ez ezik, kontsumitzaileen onurarako ere badela azpimarratu du Oñederrak, «kalitatezko» produktuak jasotzeko aukera izango baitute. Halaber, norberak bere elikaduraren «kontrola» berreskuratu behar duela azpimarratu du; «guk erabaki nahi dugu zer jan nahi dugun, nork, non eta nola ekoiztua izango den eta zein baldintzetan: bertako ekoizpenak, garaian-garaikoak eta lurrari lotutakoak nahi ditugu».

Kontsumo taldeko kideek bi tamainako otarrak izango dituzte aukeran. Garaian garaiko produktuak izanik, otarrak itxiak izango dira, baina «herrira moldatzeko» asmoa dute sustatzaileek. «Momentuz barazkiekin hasiko gara, baina gerora bestelako produktuak sartu nahi ditugu; ogia, gazta… Hori, ordea, familia bakoitzak erabakiko luke». Antolatzaileek gune irekietan nahi dituzte banatu otarrak, eta beraz, berdura plazan elkartzeko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide