Azkoitiko leizeko hilketa argitzeko epaiketa gaur amaitu da, eta hiru akusatuak, fiskaltza zein familiaren akusazio partikularra epai zain geratu dira. Gipuzkoako Auzitegian egin duten epaiketako azken saioan auzi argitzeko lan egin duten ertzainek deklaratu dute. Ertzaintzak esku hartutako telefono deien berri eman dute, eta horien arabera, akusatuek telefonoz izan zituzten elkarrizketak “hilketa argitzeko oso interesgarriak” dira. “Hau ez da joango zulora, bestea bezala. Hau oinez joango da, ez da eraman beharrik izango”. Hori da Ertzaintzak akusatuei telefono bidezko elkarrizketa batean atzemandakoa.
Gipuzkoako Fiskaltzak zigorrak mantendu ditu Felipe R.A, Juan Carlos F.D. eta Oscar D.C akusatuentzat; 20 eta 29 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak, eta hilketa eta indarkeriazko lapurreta egozten dizkiete. Auzipetuak Erandiokoak eta Elgoibarkoak dira.
2009. urteko abuztuaren 6an Azkoitiko Madariaga auzoko Bidegorri leizean hilik aurkitu zuten Ignacio Pascual Hernandez erandioarra. Ustez, Elgoibarreko industrigunean hil zuten gizonezkoa, eta ondoren Azkoitiko leizera bota zuten haren gorpua.