Azkoitian jokatzekoak dira Gipuzkoako Xake Txapelketako bi mailatako lehiak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urr. 10a, 06:50

Azkoitia Gipuzkoako Xake Txapelketako topalekua izango da beste behin. Baina aurten Maila Absolutuko jokalariak ez dira herrian lehiatuko. Izan ere, egoitza lortzeko «arazoak» izan dituztela jakinarazi du Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldeak, eta horregatik, Bigarren eta Hirugarren mailetako txapelketak jokatuko dituzte Azkoitiko Kultur Etxean. «Pena handia da Maila Absolutuko aukera galtzea. Txapelketak ekonomikoki irabaziak ekartzen dizkio elkarteari, eta udalari, berriz, ez dio gasturik sortzen». Hain zuzen, duela bi urte Azkotian lehiatu ziren lehen mailako jokalariak, eta saio horiek «arrakasta handia» izan zutela nabarmendu du elkarteak, lekua bera «oso erosoa» zelako jokalarientzat. Txapelketa hilaren 19an hasiko da, eta larunbatero jokatuko dituzte saioak, abenduaren 1era bitartean, 16:00etatik aurrera. Bertan aritzeko izena emateko epea zabalik da oraindik. Hilaren 18ra bitartean inskriba daiteke norgehiagokan, eta horretarako Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldearekin edo Gipuzkoako Xake Federazioarekin jar daiteke harremanetan, 943-47 46 04 telefonora deituz. Txapelketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da federatuta egotea. Anaitasuna Kakute elkartearen arabera, oraindik jende gutxik eman du izena, eta horren ondorioz, txapelketa bera «kolokan» egon daiteke. Izan ere, Hirugarren Mailarako hamar lagunek eman dute izena, eta Bigarren Mailarako, berriz, bostek. «Azken egunetan xakelari gehiagok izena ematea espero dugu. Hala ere, txapelketa irabazten dutenak mailaz igotzen dira, eta Bigarren Mailako kopuruarekin ez [...]

Azkoitia Gipuzkoako Xake Txapelketako topalekua izango da beste behin. Baina aurten Maila Absolutuko jokalariak ez dira herrian lehiatuko. Izan ere, egoitza lortzeko «arazoak» izan dituztela jakinarazi du Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldeak, eta horregatik, Bigarren eta Hirugarren mailetako txapelketak jokatuko dituzte Azkoitiko Kultur Etxean. «Pena handia da Maila Absolutuko aukera galtzea. Txapelketak ekonomikoki irabaziak ekartzen dizkio elkarteari, eta udalari, berriz, ez dio gasturik sortzen». Hain zuzen, duela bi urte Azkotian lehiatu ziren lehen mailako jokalariak, eta saio horiek «arrakasta handia» izan zutela nabarmendu du elkarteak, lekua bera «oso erosoa» zelako jokalarientzat.
Txapelketa hilaren 19an hasiko da, eta larunbatero jokatuko dituzte saioak, abenduaren 1era bitartean, 16:00etatik aurrera. Bertan aritzeko izena emateko epea zabalik da oraindik. Hilaren 18ra bitartean inskriba daiteke norgehiagokan, eta horretarako Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldearekin edo Gipuzkoako Xake Federazioarekin jar daiteke harremanetan, 943-47 46 04 telefonora deituz. Txapelketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da federatuta egotea. Anaitasuna Kakute elkartearen arabera, oraindik jende gutxik eman du izena, eta horren ondorioz, txapelketa bera «kolokan» egon daiteke. Izan ere, Hirugarren Mailarako hamar lagunek eman dute izena, eta Bigarren Mailarako, berriz, bostek. «Azken egunetan xakelari gehiagok izena ematea espero dugu. Hala ere, txapelketa irabazten dutenak mailaz igotzen dira, eta Bigarren Mailako kopuruarekin ez litzateke justua izango mailaz igotzea. Beraz, federazioak maila horretako saioak baliogabetzea erabaki lezake», diote antolatzaileek.
Gipuzkoako Txapelketako bi mailetan Azkoitiko elkartean dabiltzan jokalariak lehiatuko dira; hala nola, Bigarren Mailako faboritoa Anibal Fernandez da, «urte oso ona» egiten ari baita azkoitiarra. Hirugarren Mailan, berriz, Iñaki Uranga, Ricardo Osorio eta Judith Goenaga lehiatuko dira, besteak beste.
Maila absolutua, berriz, Donostian jokatuko dute, eta bertan ere herriko ordezkaritza izango da; hala nola, Egoitz Irure, Hector Sanchez eta Jon Cuende lehiatuko dira.
Umeentzako ikasturtea abian
Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldeak, bere aldetik, hasi du ikasturtea, eta ekainera bitartean haur eta gaztetxoiei eskolak eskainiko dizkiete. Atzo izan zen lehenengo saioa, eta hasiera batean, astearteetan eta ostegunetan bilduko dira, elkarteak Kultur Etxeko eraikinean duen egoitzan. 17:00etatik 18:00etara bitartean izango dira eskolak, eta Asier Plazaola eta Jon Cuende xake jokalariek eskainiko dituzte. Antolatzaileek adierazi dute oinarrizko ezagutzak jasoko dituztela ikasleek, eta eskolen helburu bakarra xakean jolasten ikastea dela berretsi dute. «Jokoan gozatzeko saioak izango dira, eta saioak ez dira txapelketetan parte hartzeko bideratuta egongo».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide