Imanol Aleson Azkoitiko korrikalariak beste garaipen bat lortu berri du. Monte Perdido Extrem Non-Stop zeharkaldian marka berria egin du azkoitiarrak, lasterketa zortzi ordu eta bi minututan amaitu baitu. 46 kilometro egin ditu korrikan, Pirinioetako mendietan, 3.820 metroko gora behera positiboarekin.
Alesonek adierazi duenez, marka haustera joan da bertara, eta proban parte hartu duen lehenengo aldia izan bada ere, helburua lortu du. Izan ere, Monte Perdidoko proba ez da ohiko lasterketa bat; Pirinioetako aterpetxeek antolatu ohi dute ibilbidea, eta korrikalariak ekainetik irailera bitartean nahi duenean parte hartu dezake bertan. Bakoitzak bere denbora propioa izan ohi du, eta Alesonek lortu du orain arteko azkarrena. Izan ere, orain arteko denborarik onena zortzi ordutan eta lau minututan baitzegoen ezarrita. «Ozta-ozta» gailendu dela adierazi du Alesonek, besteak beste, proba «oso gogorra» delako; «lasterketa oso teknikoa da, hanka ezartzeko lekua ez delako ona, ibilbide guztia harri soltez osatuta baitago». Dena den, hurrengo urtean berriro joango delakoan da; «bidea ez nuen ezagutzen, eta zalantza asko nituen, baina dagoeneko badakit nolakoa den, eta errepikatuko dut proba».