Herritar talde batek eta Azkoitiako EAJko ordezkari batzuk Atez atekoa EZ Bosgarren edukiontzia BAI kanpaina hasi dute, eta inguruko hainbat herritan hondakinen kudeaketa horren aurka sortu diren taldeek egin duten bezala, herritarren sinadurak biltzen hasi dira Azkoitian. Etxez etxe eskutitzak banatu dituzte, triptiko batekin batera. Bertan, atez atekoaren aurkako «arrazoiak» azaldu dituzte taldeko ordezkariek. Era berean, proposatzen duten ereduarekin bat egiten dutenei, orria sinatu eta postaz bidaltzeko aukera eskaini diete. «Sinadura hauekin udalari horrelako erabaki bat hartu aurretik herritarren iritzia kontuan izan dezala eskatu nahi diogu, eta ez dezala inposaketa bidez hondakinen sistema aldatu». Izan ere, taldearen ustez, Azkoitiko Udal Gobernuak «atez ateko sistema jartzeko asmoa du». Hala, herrian hondakinen kudeaketaren inguruko «eztabaida» sortu dela gaineratu dute ekimenaren sortzaileek.
Posta bideko sinaduretan emandako datuak «sekretupekoak» izango direla adierazi du taldeak, eta «inongo kosturik» ez duela izango gaineratu dute. Halaber, atxikimenduak beste modu batera ere bilduko dituztela jakinarazi dute; hileko lehen eta azken larunbatean mahaiak jarriko dituzte Eliz atarian eta Maxi Eroskiren sarreran. Hala, bihar kalean izango dira, «kanpaina babesten duten guztiei euren sinadurak eskatuz».
Bosgarren edukiontzia aldarri
Ekimenarekin, Azkoitiko Udalari eskatu diote hondakinak birziklatzea bosgarren edukiontziaren bidez susta dezala, eta horretarako «apustu sendoa» egin dezala. «Ezinbestekoa da udalak heziketa eta kontzientziazio kanpainak bultzatzea, herritarrok gehiago birzikla dezagun», aldarrikatu dute.
Izan ere, taldearen ustez, atez ateko eredua ez da «irtenbidea». Egungoa baino «zikinagoa, osasungaitzagoa eta deserosoagoa» dela irizten diote. «Zabor turismorik ez dugu nahi», adierazi dute. Taldeak nabarmendu du «intimitatea babestu» nahi duela, eta eredu hori «garestiagoa» izango dela gaineratu du.