Herriko merkataritzan euskara indartu dezaten Azkoitixen Bai Euskarari! egitasmoak sustapen fasea hasi du, eta Bai Euskarai ziurtagiria hedatzeko prozesua abiatu dute. Hala, Azkoitiko Udaleko teknikariek herriko 50 saltoki gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera, eta horren inguruko informazioa ari dira eskaintzen dendaz denda. Hala nola, saltokietako jarduna euskaraz egin dezaten jasoko dituzten laguntzak azaldu dizkiete. Saltokiek egitasmoarekin bat eginez gero, arduradunek horien hizkuntza egoera aztertuko dute.
Halaber, saltokiek 2013an bete beharko dituzten konpromisoak adostuko dituzte, eta Ziurtagirien Elkarteak banatu ohi dituen hiru mailetatik dagokiena emango die. Halaber, San Andres jaien aurretik egitasmoarekin bat egiten dutenei eta maila hobetzea lortu dutenei ziurtagiria banatuko diete.
Azkoitiko Udalak adierazi du dagoeneko 51 saltokik dutela Bai Euskarari ziurtagiria. Gune horiei ebaluazioak egingo dizkie orain, maila mantendu, jaitsi edo igoko duten jakiteko. Udalak adierazi du saltokiak dagoeneko ari direla Ziurtagiriaren Elkartearen bisitak jasotzen, ebaluaketarako hitzordua lortu dezaten.
Azkoitixen Bai Euskarari! egitasmoa 2006. urtetik dago martxan, eta bitarte horretan arlo desberdinetara zuzendu dituzte kanpainak; hala nola, fruta dena, okindegi, estetika zentro eta ile-apaindegietara. Aurten, esaterako, etxetresna elektrikoak eta sukaldeko altzariak saltzen dituzten saltokiei eta optikei zuzendutako materiala argitaratu du, besteak beste.