30 urtean ikusi gabeko lehia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko ira. 7a, 16:01

Futboleko hirugarren mailan azken hogeita hamar urteetan jokatu ez den partida ikusi ahal izango da bihar; Anaitasuna eta Lagun Onak Azkoitiko eta Azpeitiko futbol taldeak derbia jokatuko dute Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Azkenekoz, 1982-1983 denboraldian lehiatu ziren maila horretan, eta hamarkada bat geroago, 1994-1995 denboraldian jokatu zuten beste norgehiagoka, baina hori preferente mailan izan zen. Ordura arte hitzordu berezia izan ohi zela errepikatu dute futbolariek eta zaleek, eta talde batekoek nahiz bestekoek adierazi dute «gogotsu» daudela biharko partidarako, saio berezia izango dutelako. «Ikuskizun polita izango da, dudarik gabe, baita futbola gustatzen ez zaionarentzat ere. Partida justua izango dela uste dut, biek emango baitute bihotza eta arima», adierazi du Javier Zubizarretak, Anaitasuna Futbol Taldeko lehendakariak. Denboraldia hasi besterik ez da egin; hirugarren partida izango da biharkoa. Anaitasunak, ordea, partida irabazteko behar handiagoa du, orain arteko bi norgehiagokak galdu egin baititu. Horregatik, Lagun Onak-eko entrenatzaile Asier Olaizola jakitun da azkoitiarrak «guztia ematera» joango direla Txerloiara. «Joko aldetik ongi gabiltza, baina emaitzak lortzea falta zaigu. Larunbatean zortea izatea espero dugu, egoerari buelta emateko», berretsi du Aitor Arratek, Anaitasunako entrenatzaileak. Hori hala, «ilusioa» dute biharko, eta taldean ere halako giro berezia somatzen dela adierazi du. Azpeitiko taldearentzako, berriz, biharko saioa ez dela «unerik egokiena»aitortu [...]

Futboleko hirugarren mailan azken hogeita hamar urteetan jokatu ez den partida ikusi ahal izango da bihar; Anaitasuna eta Lagun Onak Azkoitiko eta Azpeitiko futbol taldeak derbia jokatuko dute Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Azkenekoz, 1982-1983 denboraldian lehiatu ziren maila horretan, eta hamarkada bat geroago, 1994-1995 denboraldian jokatu zuten beste norgehiagoka, baina hori preferente mailan izan zen. Ordura arte hitzordu berezia izan ohi zela errepikatu dute futbolariek eta zaleek, eta talde batekoek nahiz bestekoek adierazi dute «gogotsu» daudela biharko partidarako, saio berezia izango dutelako. «Ikuskizun polita izango da, dudarik gabe, baita futbola gustatzen ez zaionarentzat ere. Partida justua izango dela uste dut, biek emango baitute bihotza eta arima», adierazi du Javier Zubizarretak, Anaitasuna Futbol Taldeko lehendakariak.

Denboraldia hasi besterik ez da egin; hirugarren partida izango da biharkoa. Anaitasunak, ordea, partida irabazteko behar handiagoa du, orain arteko bi norgehiagokak galdu egin baititu. Horregatik, Lagun Onak-eko entrenatzaile Asier Olaizola jakitun da azkoitiarrak «guztia ematera» joango direla Txerloiara. «Joko aldetik ongi gabiltza, baina emaitzak lortzea falta zaigu. Larunbatean zortea izatea espero dugu, egoerari buelta emateko», berretsi du Aitor Arratek, Anaitasunako entrenatzaileak. Hori hala, «ilusioa» dute biharko, eta taldean ere halako giro berezia somatzen dela adierazi du.

Azpeitiko taldearentzako, berriz, biharko saioa ez dela «unerik egokiena»aitortu du Olaizolak: «Faktore asko ditugu kontra, batez ere taldean lesio ugari daudelako». Taldeak badarama hainbat urte hirugarren mailan, eta, beraz, esperientzia euren alde dute kideek, baina jokalari batzuk maila horretan «hasiberriak» direla adierazi du Olaizolak, eta, beraz, «urduri» egongo direla uste du entrenatzaileak. Hala ere, azpeitiarrak saioa irabaztera eta «ahalik eta joku onena» egitera joango direla nabarmendu du. Beraz, partida «gogorra» izango dela aurreratu dute biek. «Jokalariak gogoz daude, baina badaezpada ere eskuko frenoa emanda dute, momentuz».

Guztiek nabarmendu dute urte asko pasa direla halako saiorik egin gabe, eta, horregatik, zelaian ez ezik, zelaitik kanpo ere antzemango da giroa; jende andana gerturatzea espero dute guztiek.

Giroa berreskuratu nahian

Zubizarretak oroitzen du 1982ko maiatzaren 1ean jokatu zutela bi taldeen partida, eta azkoitiarrek 2-0 irabazi zieten azpeitiarrei. Urte horretan, gainera, talde azpeitiarra mailaz jaitsi zen, liga 18. postuan amaituta, eta hainbat urtean ez ziren maila berean egokitu, 1994ean Preferente mailan jokatu zuten arte.

Laurogeiko hamarkadan elkarteko idazkaria eta diruzaina zen egungo Anaitasunako presidentea, eta garai hartako giroa ongi oroitzen du Zubizarretak: «Izugarrizkoa izaten zen. Ordutik, gainera, bi taldeen arteko lehia mantendu egin da, gehiago zibilizatu bada ere». Biharkoan ere, giro «jatorra» izatea espero du lehendakariak, «futbolak asko irabazten baitu halakoetan». Ekonomikoki ere elkarteek bazuten sos batzuk irabazteko aukera halako saioetan; 82ko partida hartan, Anaitasunak 210.800 pezeta jaso zituen.

Pako Ibarzabal Lagun Onakeko presidentea zen orduan. Azkoitia eta Azpeitiaren arteko «lehia» garai hartan gehiago bizitzen zela gogoratu du honek. «Gainontzeko partiden aldean, Anaitasuna eta Lagun Onak-en artekoek bestelako intentsitatea izan ohi zuten, nork irabaziko gogotsu egoten zirelako. Zeresan handia ematen zuten».

Azken urteetan, bien arteko «saltsa» galduta egonik, nekezago ikusten du garai hartako giroa berreskuratzea. Halaber, garai hartan taldeak «tokikoagoak» zirela adierazi du Ibarzabalek, ia jokalari guztiak herrikoak izaten baitziren.

«Orain, futbola edonoiz ikus daiteke telebistan, eta garai hartan jende gehiago joaten zen herriko futbol partidetara. Garai desberdinak dira, eta duela berrogeita hamar urte are bizitasun gehiagorekin jokatuko zuten». Azkoitiko Altzibar auzoko futbol zelaia zaharra eta Azpeitiko Garmendipe bi taldeetako jarraitzaileek goraino betetzen zituzten; horixe jarri du adibide.

Bihar, Klubaren Eguna

Anaitasuna Futbol Taldeak Klubaren Eguna izendatu du biharkoa. Bertaratzen diren herritar guztiek ordainduko dute sarrera, elkartea ekonomikoki lagundu dezaten. Hala, Zubizarretak dei egin die azkoitiar eta azpeitiarrei partida ikustera joan daitezen. Bazkideek hamar euro ordainduko dute sarrera, eta gainontzekoek 12 euro. Halaber, adin txikikoek hiru eurotan izango dute sarrera. Antolatzaileak goizetik hasiko dira txartelak saltzen; Azkoitiko eliza atarian izango dira, 12:00etatik 13:30eara bitartean. Arratsaldean, berriz, 16:15ean zabalduko dituzte ateak eta leihatila. Halaber, udaltzaingoak ibilgailuak bideratuko dituzte aparkatzerako orduan.

Lagun Onak taldeak orain arte jokatutako bi partidetan puntu bana lortu du, eta hamalaugarren postuan da egun. Anaitasuna, berriz, momentuz punturik gabe da, 18. postuan. Azkoitiko taldea iaz igo zen hirugarren mailara, eta honen helburua izango da mailari eustea. «Maila batetik bestera alde handia dago, eta ez da lan erraza izango, baina lortuko dugula uste dut». Bi taldeak positibo dira aurrera begira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide