Agem Consultores enpresa Azkoitia Lantzen S.A. erakundearen kontu-ikuskaritza egiten ari da, eta Azkoitiko EAJ alderdiak adierazi du enpresak dagoeneko «lehenengo zirriborroa» egin dutela. Bertan, erakundearen urteko gastuen eta sarreren kontuak ikuskatu eta honen ondarea aztertu dutela adierazi du EAJk, eta honen arabera, iazko kontuek Azkoitia Lantzenen ondarearen «irudi fidela» islatzen dutela ebatzi dute zirriborroan. «Kontuak errealak direla eta dokumentazio guztiak errealitatearekin bat egiten dutela adierazi dute, eta hori oso garrantzitsua da guretzat», adierazi du Mikel Zubizarreta Azkoitiko EAJko bozeramaileak. Hori hala izanik, alderdiak «positibotzat» jo du kontu-ikuskapenaren ondorioa, besteak beste, orduan egin ziren jarduerak «EAJren ardura» zirelako; «botere aldaketa egin genuenean egia esan genuela adierazten du honek. Urte eta erdiz ari gara jasaten Azkoitia Lantzenek eta Udalak izugarriko zuloa duela, eta konuak ezkutatuta daudela. Hori guztia gezurra da, eta asko pozten gara kontu-ikuskaritzaren adierazpenarekin», gaineratu du Iosu Bastida EAJko zinegotziak.
EAJk gogoratu du orain arte enpresa berak egiten zuela Azkoitia Lantzenen kontu-ikuskaritza, baina aurten beste enpresa bati esleitu diote jarduera hori; «gobernu aldaketa izan zenean eskatu zuten beste enpresa batek ikuskatu zitzala kontuak, eta aldaketa hoberako izango zela uste izan dugu hasieratik, herrian uste baita erakundea porrot egiteko zorian dagoela».
EAJk adierazi du EAEko Kontu Auzitegia ere Azkoitiko Udalaren eta Azkoitia Lantzenen inguruko kontuak ikuskatza egiten ari dela, eta honen ebazpena ere «laster» etorriko delakoan da alderdia. «Auzitegi honek esaten duena garrantzitsuagoa dela iruditzen zaigu, erakunde publikoa eta independentea delako, eta guztia goitik behera aztertzen duelako». EAJk jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen auzitegia bederatzi hilabetez egon dela udaleko eta Azkoitia Lantzeneko kontuak ikuskatzen, eta hori «positibotzat» jo dute jeltzaleek, besteak beste, funtzionamendu «konplexua» dutelako eta «azken urteei dagozkion kontuak» aztertzen dituelako.
Auzitegiak kontu-ikuskaritzaren txostena egingo du, eta dokumentua dagoeneko Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran onartu duela adierazi du EAJk. Honen esanetan, Eusko Jaurlaritzak urtean lau herri ingurutara bideratzen du EAEko Kontu Auzitegia, eta Azkoitiko Udalak aurreko legealdi amaieran jakin zuen udalaren eta Azkoitia Lantzenen kontuak aztertuko zituztela.