Azkoitiko Floreaga ikastetxeko Alai Batza Aisialdirako eta Giza Formakuntzarako Taldeak Prestatzeko Elkarteak Uztaila Jolasean udalekuak antolatu ditu beste urte batez herrian, eta hilabete osoan Azkoitiko 450 ume inguru aritu dira jolasean. Izan ere, uztailaren lehenengo hamabostaldian 300 ume inguruk hartu zuten parte, eta bigarrengoan 150 haurrek. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurreko urteetan baino ume gutxiago izan dira aurtengoan; «beherakada antzeman dugu, beharbada krisiaren eraginez», adierazi du Juan Inazio Sudupe antolatzaileak. Hala ere, ekimenaren inguruko balorazio «oso ona» egin du salestarrak: «Herriarentzat zerbitzu oso ona ematen dugu, eta familia askorentzako ere irtenbidea izan ohi da Uztaila Jolasean. Lagunarteko tratu ederra egon da, eta guztientzako esperientzia ona izan da», adierazi du Sudupek.
Ohi bezala, hamaika ekintza egin dituzte hilabete osoan zehar. Hala nola, tailerrak, eskulanak, dantza saioak eta irteerak egin dituzte. Alai Batza elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatu ohi du ekimena urtez urte.
Alai Batzako kideek ohitura dute uda bitartean kanpaldi ugaritan parte hartzeko; hala nola, Bizkaia eta Araban eta Espainiako hainbat txokotan izan dira. Aurtengoan, elkarteko ehun neska-mutil, hogei begirale eta lau salestar aritu dira horretan. Antolatzaileek adierazi dute kanpaldiak «oso interesgarriak» eta «bikainak» izan direla.