Abuztuaren 17an artistek hartuko dituzte herriko kaleak. Ohi bezala, Azkoitiko Udalak Inazio Iriarte XXXI. Kale Margo Lehiaketa antolatu du, eta dagoeneko plazaratu ditu oinarriak. Interesa duen orok hartu dezake parte lehiaketan, eta horiek Azkoitia izango dute margotzeko gaia.
Kaleko lehiaketa izanik, jendaurrean egin beharko dituzte lanak, beti ere Azkoitiko mugen barruan. Lanerako materiala egunean bertan zigilatuko dute, 09:00etatik 10:00etara bitartean, Torre Zuri Erakustokian. Ondoren ekingo diote margotzeari, eta amaitutako lanak Torre Zurin utziko dituzte, 15:00etara bitartean. Epaimahaiak erabakia hartu ostean, sari banaketa egingo dute plazan, 19:30ean, eta aurkeztutako lan guztiekin erakusketa jarriko dute Torre Zurin. Halaber, parte hartzaileek irailak 17tik aurrera izango dute lanak jasotzeko aukera. Horretarako udaltzaingora joan beharko dute, astelehenetik larunbatera bitartean, 08:00etatik 15:00etara artean. Udalak jakinarazi du saritutako lanak antolatzaileen esku geratuko direla, baita erakusketatik jasotzen ez dituztenak ere.
Sariei dagokienez, antolatzaileak 1.400 euroko sari poltsa dutela adierazi dute. Halaber, udalak adierazi du sarituak izan ez diren lanen prezioa ezin dela izan banatuko duten sari txikiena baino altugagoa.
Parte hartzaileek edozein teknika eta neurrietako lanak egin ditzakete, eta nahi beste aurkezteko aukera izango dute. Halaber, egunean bertan margolari bakoitzak lanerako behar duen materiala eraman beharko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, eurak ez dira izango lanek izan ditzaketen kalteen erantzule. Halaber, parte hartzaile bakoitzak bazkaria edo 10 euroko dieta jasoko du.