Odei Arregi idazleak (Azkoitia, 1984) II. Karmele Igartua Beka Saria irabazi du. Epaimahaiak Arregiren poesia “argia eta zehatza” delako saritu du; halaber, bere poemetan “oso begiratu pertsonala” islatzen dela nabarmendu du. UROLA KOSTAKO HITZA egunkariak idazlea elkarrizketatu du, eta biharko egunkarian irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa. Hemen aurrerapena:
Zerren inguruko beka da Karmele Igartua Beka Saria?
Bergarako Idazle Eskolak urtero ateratzen duen beka da. Edozein motatako lanak aurkeztu daitezke bertara: poemak, eleberri baten zati bat, dibulgaziorako lan bat… Aurten, mota guztietako lanak aurkeztu dituzte.
Zergatik aukeratu zenuen poesia aurkeztea?
Modalitate bakoitzerako orri kopuru bat eskatzen dute. Bekan eskatzen duten gutxieneko orri kopurura iristeko errazena egin zitzaidalako aurkeztu naiz poesiarekin. Normalean, poesia edo ipuinak idazten ditut, baina ipuinen eta poemen kasuan hogeita hamar orri idatzi behar nituen. Beraz, orri horiek poemekin betetzea errazagoa egiten zitzaidan ipuinak idaztea baino.
Zerren inguruko poemak dira?
Askotariko poemak dira. Izan ere, hogeita hamar orri egiteko hogeita hamar poema idatzi ditut. Ezin dut zehaztu gai bakar bat jorratu dudanik bilduma osoan. Guztiek, ordea, tonu jakin bat dute; azkarrak dira, eta irakurterrazak ere badira. Hau da, irakurleak ez du bi aldiz irakur beharrik izango esanahia jakiteko.