Aginagaldek eta Etxezarretak irabazi dute Andramaixetako Kartel Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko uzt. 17a, 13:58

Andramaixetako Kartel Lehiaketak baditu irabazleak: Itziar Aginagalde eta Olaia Etxezarretak egindako kartela saritu dute herritarrek, lehiaketan bozkatu duten gehienek hala erabaki ondoren. Hain zuzen, 238 lagunek bozkatu dute Azkoitiko Udalak lehene...

Andramaixetako Kartel Lehiaketak baditu irabazleak: Itziar Aginagalde eta Olaia Etxezarretak egindako kartela saritu dute herritarrek, lehiaketan bozkatu duten gehienek hala erabaki ondoren. Hain zuzen, 238 lagunek bozkatu dute Azkoitiko Udalak lehenengo aldiz antolatu duen ekimenean, eta horietatik 75ek aukeratu dute Aginagalde eta Etxezarretaren lanaren alde. “Ezustekoa izan da lehiaketa irabaztea, ez genuen inondik inora espero”, aitortu dute saridunek. Andramaixetako abestian oinarritu dira kartela gauzatzeko; hala, abestiari jarraituz, loteria bat irudikatu dute Etxezarretak eta Aginagaldek, eta festetako elementu esanguratsuenekin osatu dute eskuz egindako marrazkia.

Bi gazteek 200 euroko saria jaso dute, eta udalak irudi hori erabiliko du aurtengo festetako programa zabaltzeko. 2012ko Andramaixetako Kartel Lehiaketara 12 lan aurkeztu dira, eta guztiak ere “maila onekoak” direla adierazi du udalak.

Pasa zen ostiralean ireki zuten kartel lehiaketako lanen erakusketa, Torre Zurin, eta igandera bitartean izan dute herritarrek bozkatzeko aukera. Udalak, herritarrek izan duten parte hartzea azpimarratu du, gutxienez 238 lagunek ikusi baitute erakusketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide