Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak junior mailako lasterketa prestatuko du abuztuaren 15erako. Andramari Egunean jokatuko da proba, eta iaz bezala, elkarteak laguntza eskatu die motorzaleei eta herritarrei lasterketa antolatu ahal izateko. Txirrindulari elkarteak ahalik eta motorzale gehien elkartu nahi ditu, lasterketan bertan loturak egin ditzaten. Motor gidariei ez ezik, elkarteko bazkideei ere egin die laguntzeko deia, horiek ibilbideko bidegurutzeak zaindu ditzaten lasterketak irauten duen bitartean. “Urtean behin eskatzen dugu zuen laguntza gazteen lasterketa hau aurrera ateratzeko eta espero dugu ez huts egitea”, adierazi du elkarteak.
Lasterketa 10:30tan hasiko da, Plaza Berrin eta inguruko txokoei itzulia egingo die txirrindulariek; guztira 85 kilometro egingo dituzte; Plaza Berritik hasita, Azpeitia, Zestoa, Iraeta eta Aizarnazabal zeharkatuko dituzte, eta handik Zumaiako Oikia auzora joango dira. Ondoren Azpeitiara itzuliko dira, eta Azkoitiko kaleetan ibili ondoren Errezilera joango dira. Gero, Bidaniatik Azpeitira iritsi eta Santa Klara kaletik Azkoitiko Plaza Berrin izango dute helmuga.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkie aurreko urtean izan zituzten laguntzaile eta Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko eta gainontzeko motor gidariei.