Bizitza erdia hari eskaini ostean, Anaitasuna Futbol Taldea uztea erabaki du Jokin Sudupe Egurrola-k (Azkoitia, 1982). Kadete mailan sartu zen taldean. Jubeniletara pasa zen gero, eta talde nagusira azkenik. «Hor ibili gara hara eta ona», dio. Koadrilakoen Anaitasunako hooligan taldeari eskerrak ere eman dizkio. «Aurrerantzean neu izango naiz hooligan-a».
Gogorra izan al da futbola uztea?
Egia esan behar badut, oso gogorra egin zait, bai. Momentu batzuetan zalantza ere egin dut, baina momentua iritsi dela ikusi dut. Igo egin garenez, uzteko garai ona da.
Esan duzun bezala, modu onean utzi duzu taldea. Horrek adorea eman al dizu?
Hirugarren mailan jokatzea beti da ederra, eta Anaitasunakook ez dugu aukera handirik izan horretarako. Baina, asko ere ez nintzen ari jokatzen, eta pentsatu nuen hau izango zela uzteko momenturik egokiena.
Hori al da arrazoi nagusia?
30 urte ditut. Adina badut, beraz. Zahartzen ere ari gara…
Hamabost urte egin duzu Anaitasunan. Zuzendaritza eta entrenatzaile asko ezagutuko zenituen.
Makina bat jende nazkatu dudala uste dut, bai [kar, kar, kar]. Neu ere aspertu naute apur bat, baina uste dut nik gehiago aspertu ditudala [kar, kar]. Batzuk besteak baino hobeak tokatu zaizkit, baina, egia esan, denekin ondo moldatu naiz, oso ondo.
Gora-behera asko izan al dira taldean?
Beno… Aurten Debako futbolari bat, Eibarko bat eta beste batzuk etorri dira. Talde oso ona egin da. Entrenatzaileak ere aurten berriak izan dira, gazteak oso, Ondarrukoak. Izugarrizko taldea egin dugu, oso gustura ibili gara. Igotzeko aukera izan dugu, eta pozik gaude.
Taldea bera ere asko aldatu al da?
Bai. Gazte asko dago egun taldean. Oso talde gaztea da, eta gogoz ikusten dira kideak. Koadrilako Bastida eta neu ginen zaharrenak, adinekoak gara biok, gainontzekoen aldean. Harekin ondo moldatu naiz, baina adin tarte handia zegoen. Guk 30 urte ditugu, eta adinez gure ondorengoak 26.
Omenaldia ere egin zizuten.
Azken hilabetea omenaldi artean pasa dut. Oraintxe etxea koadroz bete dut! Taldeko zazpi lagunek ia larunbatero afari kozkor bat egiten genuen txabola batean, eta hango argazkiekin oroigarria eman zidaten. Gero horrela amaitzen dut, malkoz beteta.
Negar egin al zenuen?
Denboraldi amaierako bazkari horretan, bai. Pasilloa egin zidaten, eta ezin izan nion eutsi; makala naiz horrelakoetan. Poz ematen du horrelako omenaldiak jasotzeak. Atzeko atetik irtetea adinakoa bada!
Aurtengo denboraldiaren laburpen bat egingo al zenuke?
Hasi, ondo egin ginen, eta eutsi egin diogu. Lana behar den apaltasunarekin, eta gehiegi harrotu gabe egin dugu. Azken unera ere ongi heldu ginen, urduriegi jarri gabe, eta azkenean lortu genuen. Kostatakoa izan da igoera, baina lortu dugu. Ospatu ere, ederki egin genuen.
Hiru urte dira zuzendaritza aldatu zela.
Lan asko egin dute hauek… Uzten dutenean nabarituko dela uste dut. Lan oso ona egin dute. Horregatik diot nabarmenduko dela alde egiten dutenean, etorri zirenean antzeman zen bezala.
Asko antzeman al zen?
Ez dut gaizki hitz egingo aurreko zuzendaritzaz, baina orain egon direnak ganora eta gogo handiarekin daudela ikusten da. Jokalariekin hitz egiten zuten zein arazo zeuden jakiteko, adibidez. Hori garrantzitsua da.
Zer nabarmenduko zenuke hamabost urte hauetatik?
Lagun mordoa egin dut, hori izan da hamabost urteotan onena. Kalean ezagutuko ez nituzkeen lagunak ezagutu ditut, adin askotako jendea. Oso aberasgarria izan da hori.