Azkoitian larrialdietarako boluntario sarea eratu nahi du herriko talde batek. Azkoitia Erne! du izena, eta taldea «larrialdi egoeretarako babes talde bat» izango litzateke, Ibon Arrieta taldeko kide eta udaleko zinegotziak azaldu duenez. «Profesionalei laguntza osagarria emateko talde bat» dela gaineratu du: «Edozer gertatuta ere, Gurutze Gorrikoen, suhiltzaileen edo dena delakoen ondoan egon eta laguntza semiprofesionala ematea da helburua».
Taldea «auzolanaren ideia eta sentimendua berreskuratzeko eta sustatzeko» ere erabili nahi dutela azaldu du Arrietak. Krisi egoeraren eraginez, «administrazioek ezin dute eurek bakarrik guztia bermatu», azaldu du Azkoitia Erne!-ko kideak. Garbi du herritarrek zenbait gauza beren kabuz egin beharko dituztela une hauetan.
Taldeak dagoeneko baditu kide batzuk. Hainbat sektoretan dabiltzanak dira: «Gurutze Gorriko bat, DYAko bat, suhiltzaile bat, udaltzain bat, brigadako bat, herritar bat, eta ni politiko moduan», azaldu du Arrietak. Talde hori osatzeko, ordea, boluntarioak behar dituztela ampimarratu du. «Talde hori eratzen denean, boluntarioak beraiek izango dira taldearen ardatza».
«Argi eta garbi esan nahi dugu ez dugula lan fisikoa egiteko jendea bakarrik behar. Larrialdi egoeretan eta auzolanean era guztietako lanak sortzen dira: koordinazio lanak, telefono deiak, jendea batera eta bestera eramatea… Herritar guztiek dute emateko zerbait eta guztien ekarpenak behar ditugu», adierazi du. Parte-hartzaileek formakuntzako hainbat ikastaro jasoko dute doan, eta parte hartzeko baldintza bakarra dago: 18 urtetik gorakoa izatea.
Taldea sortzeko bilera
Guztia azaltzeko asmoz, bilera egingo dute datorren asteazkenean Kultur Etxean 19:00etan. Bertan zalantzak argitzen saiatuko direla azaldu du Arrietak. Gero, astebete beranduago, hilaren 27an, toki eta ordu berean Azkoitia Erne!-ren boluntarioen lehenengo batzarra egingo da.