Ekainaren 15ean irekiko dute Ugarteigaran estali gabeko igerilekua. Guztira hiru hilabetean egongo da irekita, hau da, irailaren 16ra arte. 10:30etik 20:00ak arte izango da zabalik, eta urtero moduan, beti egongo da sorosle bat uneoro, “segurtasuna bermatzen”. Ibon Arrieta zinegotziak azaldu duenez, “berrikuntza batzuk izango dira aurten, sarrera eta prezioetan”. Egun erdiko sarrera jarriko dute 17:00etatik itxi bitartean, adibidez. Hamar sarrerako bonoa erosteko aukera ere eskainiko dute eta hilabete edo hiruhilabeteko bonoa egiten duena, irauten duen bitartean Elkarguneko azpiegituretarako sarrera ere irekita izango du.
0 eta 5 urte bitarteko haurrek doan izango dute sarrera. 6 eta 12 urte bitartekoeei, berriz, egunekoa lau euro kostako zaie, hilabetekoa 12 eta hiruhilekoa 30. 13 eta 17 urtekoentzat, berriz, bost euro izango da sarrera. Hilabeteko bonoa 25 eta hiruhilekoa 60 euro. 18tik goragokoi 6 euro kostako zaie, hilabetekoa 40 euro eta hiruhilekoa 110. Langabe eta erretiratuei egunekoa 5 euro kostako zaie, hilekoa 30 eta hiruhilekoa 80. Egun erdiko sarrera 4 euro izango da. Hamar eguneko bonoa, berriz, 18 urtetik goragokoentzat 50 euro eta gainontzekoentzat 40.
“Prezioa jaisteko ahalegina” egin dutela azpimarratu du Arrietak. “Ohiko sarrera bi euro merkeago izango da, eta bonoa ere bai”. Udalaren egoera ekonomikoa “zaila” dela gogorarazi du, baina badakitela herritar askorena ere “ez dela nahi bezain ona”; beraz, “haien poltsikoetara egokitzeko ahalegina” egiten saiatu direla adierazi du.