ELAk, hiru lorezainen egoera dela eta, protestekin segitzen du. Hiru lorezainetako bat lanean jarri du Serbitzu enpresak. Subrogazioa exijitzeko, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian (osteguna) Kontzejupean. Bertan azaldu dutenez, hiru lorezainetako bat ez dute kaleratuko, denbora gutxien zeramana: “Pasa den ostegunean, hiru pertsona horiek kontratua amaitu zitzaiela jakin zuten. Orduan jabetu ginen, hiruren egoera ez dela berdina. Haietako bik, denbora gehien daramatenek, kontratuaren amaieraren jakinarazpena jaso zuten. Hau da, beraiek Azkoitiko Udalari zuzenean lotuta daude, beraz, kontratua amaitzen denean beraien lana ere amaitu egiten da. Ez daukate kalte ordainaren eskubiderik, ez alde batetik eta ez bestetik”, azaldu dute ELAko ordezkariek. Hirugarrenaren kasuan, ordea, ezberdina da. “Konturatu ginen gazteenaren kasuan, kaleratze gutuna eman ziotela. Horrek gauzak aldatzen ditu. Horrek esan nahi du Serbitzuk daukala erantzukizun zuzena pertsona horrengan. Serbitzuko langile finko bat da”, azaldu dute.
Enpresarekin lehenagotik ere bilera ordua hartuta zeukatela adierazi dute, eta astelehenean egin zutela. “Esan genien beste bien kasuan konbenio estatalak subrogazioa kontenplatzen duen heinean, ulertzen genuela beraiek zeukaten postura, baina ez gazteenaren kasuan. Beraz, berriz hartzea edo berkolokazioa eskatzen genuen”. Atzo jaso zuten erantzuna, eta Serbitzuk berriro hartu du langilea. “Beste zerbitzu batean jarriko du lanean, baina guk ikusten duguna da, beste bien kasuan ez daukala bueltarik. Subrogazio eskubidea eman behar da”. Udaletxeari zerbitzuaren luzapen bat emateko eskatu diote, “egin nahi den berrantolaketa delegatuekin adosteko”. Orain erantzunaren zain daudela adierazi dute; “badakigu hurrengo astean gobernu bilera bat badagoela. Horregatik, ez dakit arazo hau epaitegietan erabaki beharko den, ala beste era bateko irtenbidea emateko gai izango al garen”.