Ez da garagardoa edateko aitzakiarik faltako astebukaera honetan, bi garagardo azoka izango baitira eskualdean. Azpeitiko gaztetxean izango da bat, eta gaur arratsaldean irekiko dute. Bestea, bihar hasiko da, Azkoitiko plazan jarriko duten karpan, Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatuta. Azpeitikoa larunbatean amaituko da, eta Azkoitikoa, berriz, larunbatera arte irekita egoteaz gain, hurrengo ostiral eta larunbatean ere zabalduko dute.
Azpeitiko Gaztetxearen VI. Garagardo azoka izango da aurtengoa, eta aurreko urteetan ez bezala, ostegunean hasi beharrean, asteazkenean hastea erabaki dute. Egunero 18:00etan irekiko dituzte ateak, eta iluntze partean afariak ematen hasiko dira. Solomo, hirugihar eta saltxitxa ogitarteko zein plater konbinatuak eskainiko dituzte.
Hainbat motatako musikarekin girotuko dute gaztetxea. Gaur «munduko zenbait txokotako musika» izango da entzungai. Bihar irlandar musika izango da, etzi euskal musika eta larunbatean erromeria giroa. Azken egunerako, 19:00ak inguruan dardo txapelketa ere antolatu dute gaztetxean bertan. Honako garagardoak izango direla aurreratu dute: Guinness, Paulaner (gariarena eta horia), Murphys, Affligem, Foster’s, Amstel Oro eta Amstel arrunta. Garagardo arruntaren prezioa 2,70 eurokoa izango da, eta bereziarena, berriz, 3,70 euro.
Anaitasunari omen
Azkoitirako hainbat ekimen prestatu dituzte ISBkoek. Bihar, azokari hasiera emateko, adibidez, Anaitasunari omenaldia egingo diote, mailaz igotzea lortu dutelako. «Festa giroko musika» izango dela aurreratu dute. Datorren larunbatean Patta ta Sendaezinak taldeak girotuko du azoka. Hurrengo asteko larunbatean ere kontzertu bat izango dela jakinarazi dute.
Bihar 20:00etan irekiko dute plazan jarriko den karpa, baina gainontzeko egunetan 19:00etatik aurrera edan ahalko da garagardoa bertan. Egunero 2:00etan itxiko dutela ere adierazi dute. Honako garagardoak eskainiko dituzte: Murphys, Maes, Heineken, Guinness, Affligem, Buckler eta Paulaner (gariarena, horia eta gorria). Garagardo berezia 4,50 euro kostako da, eta arrunta, berriz, 3,50 euro.
Jatekorik ere ez da faltako Azkoitiko garagardo azokan. Izan ere, saltxitxak, txerri ukondoa eta oilasko erdia egongo dira jateko moduan. Oilaskoa aurrenengo aldiz izango da bertan: «Eskaintza zabalduko dugu. Azpeitian arrakasta izan zuen iaz, eta Azkoitian ere hala izatea espero dugu», azaldu dute.