Ibarmia enpresak Makina Erremintaren sektoreko Espainiako saria irabazi berri du. Bilboko BIEMH azokan izan da sariketa, eta egunotan bertan daude enpresako arduradunak beraien lana erakusten. Bost ardatzeko eta zutabe mugikorreko zentru mekanizatua aurkeztu dute, eta horrekin lortu dute irabaztea.
«Gustura» agertu da Koldo Arandia, Ibarmiako zuzendari orokorra. «Espero genuen finalean egotea», gaineratu du. Aurtengoan makina «ona eta polita» aurkeztu dutela adierazi du. «Fresatzailea da aurkeztu dugun makina, baina berezitasun bat dauka; mahai estatikoa dauka, eta burua mugitzen zaio». Makina horrekin, «langilearentzako errazagoa» dela azaldu du Arandiak. «Langileari gertutasuna ematen dio, eta errazagoa da lanerako».
Sariaren garrantzia
«Estatuan dagoen diseinu mailako saririk garrantzitsuena da», azaldu du. Gainera, aurtengoan lehiakide «onak eta handiak» daudela ere adierazi du: «Danobat, Fagor…» aipatu ditu. Epai-mahaiari dagokionez, «itzal handikoak» direla ere gogorarazi nahi izan du. «Txosten bat prestatu genien eta hura aztertu ondoren, azokan izan ziren makina bera ikusten. Azkenean onena geurea zela erabaki dute», esan du.«Eguneroko lana ongi egiten ari garela erakusten digu horrek, eta hori gure bezeroentzat ere ona da, nolabaiteko babesa ematen baitie» adierazi du Arandiak.
Ez da sari hori irabazten duten aurrenengo aldia, beste behin ere irabazi baitute; beste bi kasutan finalera ere iritsi dira; «horregatik espero genuen finalera iristea». Argi utzi nahi izan du saria Ibarmiako talde guztiarentzako dela: «Enpresa serio eta langilea gara, eta taldeak konpromiso handia erakutsi du».
Bihar arte izango dira azokan beraien lanak erakusten. Egunik garrantzitsuena gaurkoa izango dela esan du: «Jende gehiena ostiralean ibiltzen da».