Urtebete «gazi-gozoa» izan duela adierazi du Azkoitiko Bilduk, urtebeteko jardunaren balorazioa egiterakoan. Urtebete da, izan ere, koalizioak bozak irabazi zituena.
Iaz EAJk agintea galdu zuen, eta Bilduk hartu zuen alkatetza. Baina egoera ekonomikoak eraginda, hainbat gastu murriztu egin dituzte. «Udalaren egoera ekonomikoa egonkortzea, eta buelta ematen saiatzea izan da gure zeregin nagusia eta garrantzitsuena». Hamaika milioi euro baino gehiagoko zorrarekin, eta Azkoitia Lantzen «porrot egiteko arriskuan» zegoela heldu zen koalizioa udalera. Hala ere, onartu dituzten aurrekontuekin eta hartu dituzten neurriekin «gustura» da udal gobernua.
«Martxa hartzen» joateko urtea izan dela adierazi du koalizioak: «Gure helburuen oinarriak ezarri ditugun urtea izan da». Politika egiteko «bestelako filosofia bat» jarri dute abian. Zentzu horretan, balorazio «positiboa» egin dute. Herritarren parte hartzea indartzea dute helburu, eta horretarako askotariko neurriak jarri dituztela martxan adierazi dute.