Lidergoa, aurrenego postua, zihurtatu du Anaitasuna futbol taldeak Erregionaleko Ohorezko Mailako ligan. Horri esker, maila bat gorago jokatuko du datorren denboraldian, hirugarrengoan. Elgoibarko taldearen aurka berdintzea lortu zuen Azkoitian. Nahikoa zuen puntu bakarra igoera zihurtatzeko.
Animo faltarik ez zuten izan jokalariek, jendetzka ikusi baitzuen futbol partida. «Hainbat gazte, gainera, bazkal ondoren pankartak eskuetan zituztela etorri ziren», jakinarazi du Javier Zubizarretak, Anaitasunako presidenteak. «Azken aldiko ikusle gehiena bildu zen Txerloian», gehitu du.
Garaipena ospatzeko 20:00ak inguruan kalejira egin zuten herrian. Jokalariek eta zuzendaritzako kideek hartu zuten parte, Anaitasunaren bandera berria aurretik zeukatela. «Gainera, udaletxean kopa eman zigun Larreak», jakinarazi du Zubizarretak. Juan Luis Larrea Gipuzkoako Federazioko presidentea da. Horrez gain, udal ordezkariek ere harrera egin zieten jokalariei, zoriontzeko. Horren ondoren, afaltzera joan ziren. «Eta handik aurrera festa izan zen».
«Mutilak zoratzen daude», aitortu du Zubizarretak. Ez genuen oso maila ona eman larunbatean, azken lau partidetan bezalaxe. Denek esan digute normala izaten dela, ardurak pisu handia daukala, eta hori hanketara pasatzen dela. Beraz, antzeman egiten da. Baina guztiek ahalegin handia egin dute, mutilei dagokienean ez dago kexatzerik», aitortu du. Areago, «zuzendaritzak eskertu egiten du haien lana». Herritarrek erakutsitako babesa ere nabarmendu du: «Balkoira atera ginenean, plaza jendez beteta zegoen. Larunbatean dena zoriona eta poza izan zen».
Arraterekin beste urtebete
Zubizarretak jakinarazi duenez, Aitor Arrateri, orain arteko entrenatzaileari beste urtebetez luzatu diote kontratua. Harekin batera beste bi teknikari aritzen dira, Jesus Burboa eta Unai Maiztegi. Bikoteak ere jarraituko du Anaitasunan hurrengo denboraldian. Jokalariei dagokionean, taldeari «eutsiko» diotela jakinarazi du. «Bi edo hiru jokalari berri ekarriko ditugu, agian. Erabakitzeke dugu, dena den».