Maite Elias diseinatzaile azkoitiarrak Behance Portfolio Review topaketan hartuko du parte, Donostian. Datorren astelehenean izango da, eta bi lan aurkeztuko ditu bost minutuko hitzalditxo batean. Diseinura zuzendutako Behance.net sare soziala topaketak antolatzen ari da nazioartean. Bilbon saio bat izan da duela gutxi, eta New Yorken eta Shanghain ere izan dira, besteak beste. Astelehean, diseinu munduarekin zerikusia daukaten Gipuzkoako bost lagunek aurkeztuko dituzte lanak Donostian, eta horietako bat Elias izango da.
«Nire azken bi lanak aurkeztuko ditut. Hasieran gehiago aurkezteko asmoa neukan, baina hain denbora gutxi izanda, nahiago dut bi lan bakarrik aurkeztu, baina sakon». Sormen prozesua azalduko duela jakinarazi du, eta ondoren, bertaratuko direnen galderak erantzungo ditu.
Diseinuan edo sormenarekin lotuta lan egiten duen edonork bere lanak zintzilikatzeko aukera dauka Behance.net-en. Behin jarritakoan, edonork iruzkin edo komentarioak idatzi ditzake lanen inguruan. «Aspaldi jarri nituen nire aurrenengo lanak bertan». Lanak webgunean zintzilikatu dituzten bost lagun aukeratu dituzte, eta horiek izango dira euren lanak jendaurrean aurkeztuko dituztenak. «Nireak hautatu izanak ez du esan nahi nire lanak onenak direnik, jendeak lan onak ipintzen baititu, baina nireak aukeratu dituzte. Mezu bat bidali zidaten, lanak aurkeztu nahiko nituzkeen galdetuz».
Elias diseinu grafikoan aritzen da, baina bestelako modalitatetako jendea izango da berarekin; arkitektura, argazkigintza edo pertsonaia edo pizti diseinatzaileak.
Sortzaileentzako aukera
Topaketa horietan parte hartzeak garrantzia daukala garbi azaldu du Eliasek. «Izen handia dauka diseinatzaileen artean Behancek. Beraz, garrantzitsua da», dio. «Aukera polita da sortzaileenzat. Asko gaude geure kontura lan egiten dugunak, mota guztietako diseinu lanak egiten. Ez da enpresa batentzat lana egitea bezalakoa. Ez daukazu soldata finkorik, hori nabarmena da, baina askatasun handiagoa daukazu sormena lantzeko».