Bihar hasi, eta maiatzeko larunbat guztietan musika klasiko kontzertuak izango dira Santa Kutz komentuan, Azkoitian. Udaberriko XXI. Musikaldiaren barruan, biharkoan Salvador Triok Mikel Laboa zenaren omenezko kontzertua eskainiko du.
Atzo eguerdian aukeztu zuten Musikaldia, Garazi Lopez de Etxezarretak, Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendariak, eta Ibon Arrietak, Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotziak. Horrez gain, Oñatin ere izango dira saioak, eta bertako karteldegia ere aurkeztu zuten. Manu Egaña Oñatiko zinegotzia ere izan zen aurkezpenean, beraz.
«Azkoitiak toki pribilegiatuan musika klasikoa entzuteko aukera eskaintzen du», nabarmendu zuen diputazioko Kultura Saileko zuzendariak. Horrelako ekimenak euskal interpretatzaileen mesedetan direla uste du Etxezarretak. Bide beretik, kultur eskaintza deszentralizatzeko aukera» eskaintzen dutela ere badio. «Horren alde egiten dugu lan Aldundian».
Ibon Arrietak Salvador Trioren emanaldia nabarmendu du besteren gainetik. «Jazz musika ekarriko du aurtengo musikaldira, Mikel Laboaren omenezko kontzertuan. Azkoitiko entzuleei,
Aldundiari eta Santa Kutz komentuko mojei eskerrak eman zizkien, «musikaldi hau aurrera ateratzea posible egiten dutelako». Amaitzeko, datorren urtean Antonio Vivaldi konposatzaile italiarraren lau estazioen inguruko kontzertua «gustura» entzungo lukeela jakinarazi die Aldundiko ordezkariari.
Adinekoentzako autobusa
Easo Eskolaniaren kontzertua 19:30ean izango da, baina gainontzeko guztiak 18:30ean eskainiko dituzte. Arrietak jakinarazi zuenez, kontzertuak baino ordu erdi lehenago, autobus zerbitzua jarriko dituzte adineko jendearentzat. Eroski txikiaren aurretik abiatuko da.
Musikaldia
Maiatzak 5, bihar
18:30ean. Salvador Triok eskainita, Mikel Laboaren omenezko kontzertua.
Maiatzak 12, larunbata
18:30ean. Andeka Gorrotxategi tenorea eta Josu Okiñena piano-jotzailearen kontzertua.
Maiatzak 19, larunbata
19:30ean. Easo Eskolaniaren kontzertua.
Maiatzak 26, larunbata
18:30ean. Europa laukotearen kontzertua.