Etzi izango da Azkoitiko XIII. Duatloia. 11:00etan hasiko da proba. Lehenbizi emakumezkoak aterako dira, eta ordu laurden geroago gizonezkoak. Lasterka hamabi kilometro egin beharko dituzte guztira atletek; hori bai, urtero legez, bi saiotan banatuta.
Lasterkako lehenengo zatia, 8 kilometrokoa, zirkutituari bi itzuli eginez osatuko dute; bigarrena, berriz, bizikleta saioaren ondoren, 4 kilometro osatuz. Bizikleta saioa Azkoitia eta Zumarraga artean egingo dute. Guztira, 36 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Azkoitiko Triatloi Taldeak antolatu du, eta Euskal Herriko zirkuituen hamabigarren proba puntuagarria izango da.
Irteera eta helmuga Plaza Berrin jarriko dituztela jakinarazi dute antolatzaieek. Box-ei dagokionean, berriz, Balda Plazan izango dira. Proba hasi baino ordubete lehenago zabalduko dituzte box-ak. Lasterketa hasi baino ordu laurden lehenago, berriz, itxi egingo dituzte. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, kirolariek nortasun agiria edo baimena erakutsi beharko dute box-ak baliatu ahal izateko. Lasterketa egunean helmuga ondoan jarriko dute mahaia, dortsalak banatzeko. Urtero moduan, gehienez 300 kirolarik hartuko dute parte duatloian.
Irabazlearentzat 210 euro
Izena aurrez emateko epea gaur amaitu da, baina hala ere bertan izena emateko aukera ere egongo da, oraingoz parte hartzaileen gehienezko kopurua ez baita bete. 32 euro ordaindu beharko ditu parte hartu nahi duenak, baina txipa ez baldin badaukate bi euro gehiago kostako zaie.
Absolutoko irabazleak garaikurra eta 210 euro jasoko ditu, bigarrenak 150 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 90 euro eta garaikurra. Kadete, jubenil, 23 urte azpiko eta taldekako aurrenengo postuetakoek garaikurra jasoko dute; baita beteranoen mailan podiuma egiten dutenek ere.