Azkoitiko udal gobernua parte hartze ordenantza prestatzen aritu da azken hilabeteetan, eta dagoeneko zirriborroa prestatuta dauka. «Herritarrek, eta herriko elkarte eta eragileek udal politikaren inguruan informazioa eduki, eta parte hartzeko eskubidea bermatu nahi da».
Araudi berriak herritarren informazio eta partaidetza eskubideak zerrendatu eta zehaztuko ditu aurrena, eta «horiek gauzatzeko tresna eraginkorrak arautzen ditu ondoren. Hala nola, elkarte, kontseilu eta mahaiak». Erremintaok eraginkorrak izandaitezen «lan egingo» duela jakinarazi du udal gobernuak, eta «interes orokorra duten gaien inguruan herritarren elkarteak sortzea» ere bultzatuko duela aurreratu du. «Baita gizartean ahotsik ez duten pertsonak eta taldeak elkartzea ere».
Zirriborroa ikusgai
Udaleko alderdi guztiek jaso dute ordenantza berriaren zirroborroa, udal gobernuak azaldu duenez. Haien iritziaren zain daude orain. Herritarrek ere izango dute horretarako aukera, udalaren webgunean. Dagoeneko irakurgai dago testua, eta bertan egin ahal izango dituzte ekarpenak herritarrek.
Hiru asteko epea izango dute herritarrek horretarako; maiatzaren 11ra arte, hain zuzen. Ekarpenak jaso ondoren, behin betiko testua osatu duela jakinarazi du udal gobernuak. Behin hori egindakoan, udalbatzan aztertuko dute, azken onarpena emateko helburuarekin.