Martxoaren 31 urruti egongo da askorentzat. Nik, berriz, bihotzean ondo gordeta dut. Aste batzuk igaro dira nire omenaldi egunetik, baina esker ona agertu nahi dut. Egun ederra antolatu zidan nire Iraurgi Abesbatza maiteak. Udaleko lagunak ere hantxe izan nituen. Herritar eta lagun asko ere izan ziren omenaldian edo ondorengo afarian. Pertsona asko eskertu nahi ditudan arren, ez dut izenik eman nahi, inor ez ahazteagatik. Iraurgi Abesbatza aipatu nahi nuke aurrena, nola ez. Ondoren, eguna antolatzen lana egin duten guztiak eskertu nahi ditut: ezkutuan, isilik, lan egin duten horiek. Omenaldian parte hartu zuten guztiak ere bai, nola ez.
Azkoitiko lagunez eta herritarrez gain, beste hainbat tokitatik ere erakutsi zidan berotasuna hainbat lagunek, eta haiei ere bihotz-bihotzez eskerrak: Azpeititik, Urrestillatik, Zumaiatik, Zarauztik, Donostiatik, Melillatik… hona etorri zirenei edo nirekin gogoratu ziren guztiei. Isilpeko lana eginez batzuk, bertsoak idatziz besteak, mezuak bidaliz, eskutitz ederrak argitaratuz edo norberak egindako artelanak modu xumean oparituz… lehen baino gehiago sartu zarete nire bihotzean.
Askotan esan dut ez nuela merezi omenaldi hau. Baina egin egin didazue, eta nik gauza bakarra dut esateko: ahal dudan artean jarraituko dudala kantuan. Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez.
Jexux Lete Estra. Azkoitia.