Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen lan erreforma salatzeko greba orokorra izango da bihar, eta Urola Kostako zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango du lanuzteak. Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udal langile guztiek egin dute bat grebarekin. Beraz, ez da zerbitzurik eskainiko udaletxeetan. Halaber, udalok kudeatzen duten bestelako zerbitzurik ere ez da izango biharkoan. LABen arabera, ez dituzte gutxiengo zerbitzuak ezarri. Soilik Udaltzaingoak egingo du lana, hala araututa dutelako.
Irakaskuntza arloan ere ia erabateko jarraipena izango du biharko grebak. Gehienek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina hainbat ikastetxe itxi ere egingo dute.
ELA sindikatuak adierazi duenez, ikastetxe pribatu guztietan izango dira lanuzteak; publikoek, berriz, batzar informatiboak egin dituzte. Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan greba egingo dute, eta bertan gutxieneko zerbitzuak mantenduko dituzte. Ikastetxe horretan, gainera, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte murrizketak salatzeko, 08:45etik txirrina jo arte.
Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIn ere greba egingo dute, eta eskolarik emango ez badute ere, ateak zabalik izango dira, eta telefono deiak jasoko dituzte.
Hainbat enpresak ere bat egin dute greba deialdiarekin, oraindik datu zehatzik ez badago ere.
Ohi bezala, pikete informatiboak egingo dituzte goizaldean, eta gero manifestazioak izango dira.
Interneten ere hainbat «aktibistak» tokian tokiko informazioa emango dute, greba.euskalherrian.info atarian eta Twitterreko @grebaorokorra kontuan.
Urola Kostako Hitza-ko langileek gaur egingo dute lanuztea. Beraz, edizio digitalean ez da albisterik izango, eta bihar ez da egunkaria argitaratuko. Hala ere, ostegunean jarraipen berezia egingo dio grebari. Goizean goizetik grebak herri bakoitzean duen eragina jasoko du atari honetan.