Bihar izango da Iraurgi Cup kirol klubak dirua lortzeko antolatu duen Lagun Onak, Anaitasuna eta Realeko beteranoen arteko triangularra Garmendipen. Talde bakoitzak bi partida jokatuko ditu. Aurrenengoa, Urolako bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute; Lagun Onak Anaitasunaren kontra ariko da, alegia. Segidan, 16:45ean, Realak Anaitasuna izango du aurkari. Eta bukatzeko, Lagun Onak-ek Realaren kontra jokatuko du, 17:30ean hasita.
Realeko jokalari ezagunak ere bertan izango direla jakinarazi dute Iraurgi Cupetik. Hona parte hartuko duten jokalarien zerrenda: Alkiza, Lopez Ufarte, Andonegi, Caro, Elola, Elosegi, Galarraga, Irazoki, Irazusta, Loinaz, Orbegozo, Luis Perez, Uria, Zudaire, Iturrino eta Kote Pikabea.
Lagun Onak-eko beteranoak
Juan Ramon Olalde Kinttela da Lagun Onak-eko jokalari beteranoen entrenatzailea. «Aitor Zulaika, Lagun Onak-eko Kirol Zuzendariak komentatu zidan, Lagun Onaketik pasa den jende gehiena neuk ezagutzen nuela eta ea zerrenda egin eta harremanetan jarriko al nintzen». Urte askoan ibili da Kinttela Langun Onak-en, jokalari, entrenazaile, zein zuzendaritzan. Gustora dago proiektuarekin, eta Zulaika eta Joseba Arangurenen lana azpimarratu nahi izan du. «Lan asko egin dute guztia aurrera atera ahal izateko, pisu garrantzitsua izan dute». Beteranoen taldeak jarraipenik izango al duen galdetuta, ez dakiela erantzuten du. «Momentuan arrake bat da, denborarekin ikusiko dugu zer gertatuko den taldearekin, herritarrek partida honetan ematen duten erantzunak ere zerikusia izango du».
Orain arte jokalariek eman duten erantzuna «oso pozgarria» dela ere badio. «Egin ditugun entrenamentu guztietan 25 lagun biltzen ginen gutxienez, guztira 31 gara. Partidan egoteko daukaten ilusio hori oso ederra da. Entrenamentu guztietan izaten zen zerbait. Norbaitek beti hartzen zuen golperen bat. Badakit batzuk fisioterapeutarekin ere ibili direla beraien kontura. Jendearen konpromisoa nabarmentzekoa da benetan». Esfortzu handia egin dutela jokalariek partida honengatik garbi erakutsi du entrenatzaileak, eta argi dauka jarraipena emateak ere hala eskatzen duela.
Horrez guztiaz gain, Kinttelaren helburu nagusienetakoa, bihar «arratsalde polit bat pasatzea» da. «Ea inork ez duen minik hartzen. Bi partida dira, eta denek jokatzeko modua egingo dugu, baina bi partidetan ezingo dute denek egon, pena da hori».
Hainbat generazio taldean
Taldearen adin aniztasuna ere azpimarratu du Kinttelak. «30 urte ingurutik 50 urte ingurura arteko jendea daukagu. Pentsa, batzuk Lagun Onaken jokatzen zutenean, beste batzuk jaiotzeko zeuden oraindik, eta orain talde berean daude [kar kar]». Gehienak 40tik gorakoak direla dio. «Bataz beste, 41 urteko taldea daukagu».