Hasita daude dagoeneko Anaitasunako, Lagun Onakeko eta Realeko beteranoen triangularrerako entrenatzen azkoitiarrak. Atzo egin zuten bigarren entrenamendua. Partidak jokatzera guztira hogei bat futbolari beterano animatu direla jakinarazi du Mikel Arregik, Anaitasuna Futbol Taldeko Kirol Zuzendariak. Triangularra martxoaren 17rako prestatu du Iraurgi Cupek, Garmendipe futbol zelaian.
Entrenatzaile lanetarako azpeitiar bat hartu dute, gainera: Martxiel Elorza. «Anaitasunako zuzendaritzan ibilitakoa da, eta aurreko triangularreko entrenatzaile gisa ere berak jardun du», dio Arregik. «Duela hiru urte ere Elorza izan zen entrenatzailea. Hori hala, kargua hartzeko prest egongo litzatekeen galdetu diogu, eta baietz erantzun digu».
Jendea gogoarekin al dagoen galdetuta, baiezkoa erantzun du. «40 bat urteko jendea dago, eta asko gogoz ikusten da», dio kirol zuzendariak. «50 urte betetzekoak dituztenak» ere badaude taldean, Arregik gogorarazi duenez, nahiz eta «gehienak 35-40 urte ingurukoak» diren.
Lagun Onak taldea ez da edonolako aurkaria. Argi eta garbi dute hori Anaitasunako talde beteranoak. Hori hala, «partida berezia» izango dela dio Arregik. «Urteetan futbola utzita egon den jendea da. Hainbeste urte pasa ondoren lehengo futbolariak zelaian ikustea polita da. Gainera, Lagun Onak taldearen aurkakoa da partida, eta belarretan aritzeko irrikaz gaude guztiak».
Urteak «asko antzematen» direla esan du Arregik, jokalari beteranoen algaren artean. «Ezer egin gabe egon ostean, futbola egin daitekeen kirol okerrena da. Lasterka egiten baldin baduzu ere, futbolean hasitakoan antzeman egiten da ohitura falta. Ni neu, behintzat, entrenameduaren ondoren nekatuta egoten naiz».
Entrenamenduei dagokionean, bi arrazoigatik jarri dute asteko bat: «Errekuperatzen hiru bat egun behar izaten ditugu; gainera, gero eta entrenamendu gehiego jarri, agian orduan eta lesionatu gehiago izango ditugu [kar kar]». Jokalari bakoitzak triangularraren zati bat bakarrik jokatuko duela dio. Beraz, entrenamendu gehiago ere ez dituztela behar uste du.
«Arratsalde ona pasatzera» joango direla garbi utzi du Arregik. «Irabazten baldin bada irabazi, galtzen bada galdu, baina arratsalde ona pasatu, eta aspaldiko partez zelai ederrean jokatuko dugu. Bide batez, Iraurgi Cupi lagunduko diogu, hori baita azken finean nahi duguna; ea diru pixka bat lortzen duen. Galtzera ez goaz, baina hori bigarren mailakoa dela iritzi diot».
Hirugarren triangularra
Duela hiru urte, Anaitasuna Futbol Elkarteak 75 urte betetzen zituela eta, beteranoen triangular bat egitea bururatu zitzaion taldeari. Orduan sortu zuten taldea. Anaitasunaren, Eibarren eta Realaren artean jokatu zuten orduan partida; Eibarrek irabazi zuen. «Orduan 30 bat lagun elkartu ginen».
Urte horretan bertan, beste triangular bat antolatu zuten eibartarrek. «Hilabete batzuk geroago, triangularrera gonbidatu gintuzten eibartarrek». Duela bi urte, berriz, partida triangularra jokatu ez zuten arren,
San Juanen Eibarren aurkako lagun arteko partida bat jokatu zuten, eta berdinketa izan zen emaitza.