Urola Erdiko hamahiru doktore elkartu ziren pasa den astean Loiola Berrikuntza Fundazioak deituta. Soslai sozio-ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa dute adituek. Guztiek unibertsitatean (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, eta Mondragon Unibertsitatea), zentro teknologikoan, eta enpresa pribatuetan dihardute lanean.
Bailarako lehiakortasuna bultzatzeko bideak eraikitzea izan zuten helburu nagusia, eta elkarlanerako hainbat ekintza aurreikusi zuten. Besteak beste, zentro teknologikoen eta enpresen arteko erlazioa estutzeko eta eskualdean ekintzailetasuna bultzatzeko beharra nabarmendu zituzten.
Balorazio «oso positiboa»
Horrez gain, dinamika horrekiko partaideen balorazioa «oso positiboa» izan zela jakinarazi dute Loiola Berrikuntzatik. «Etorkizunera begira ideiak partekatzeko honelako ekimenak egiten jarraitzeko asmoa» erakutsi du fundazioak, horrekin batera. Ildo honetan, administrazio publikoek honelako ekintzak babestea ezinbestekotzat jotzen dutela ere argitu zen bileran.
«Eskualdearen lehiakortasuna areagotzeko», teknologia oinarri duen pentsamoldea bailaran zabaldu, eta «urte gutxi barru goi teknologia oinarri duen enpresaren bat sortzeko helburua» ere ezarri zuten.