Gipuzkoako Foru Aldundiak udalak finantzatzeko duen funtsari 800.000 euro itzuli beharko dizkio Azkoitiko Udalak, aurreikusi baino 300.000 euro gehiago. Diputazioak espero baino diru sarrera gutxiago izan ditu 2011n, eta, horregatik, «zuzendu egin behar» izan ditu aurreikuspenak, Urrategi Alberdi zinegotziak azaldu duenez. «Abendua pasa ondoren, ikusten denez aurrez egindako kalkuluen aldean, diru gutxiago bildu dute; beraz, 300.000 euro gehiago itzuli behar ditugu. Guk aurrekontuak 500.000 eurorekin egin genituen. Hori hala, dena moldatu behar izan dugu».
300.000 euroak itzuli ahal izateko «lehendik ere estututa dagoen gerrikoa gehiago nola estutu aztertzen» ari da Azkoitiko Udala egun. Besteak beste, «ohiko gastuetara diru gutxiago bideratzeko ahalegina» egingo dutela esan du Alberdik. «Orain, gastuak murrizteko argiaren erabilera aztertzen ari gara», azaldu du, adibide gisa. «Zenbait tokitan argi asko dago; liburutegi aurrean, esaterako. Ilara bat kentzea ari gara aztertzen, edo beste toki batzuetan farola bat piztuta eduki, eta albokoa itzaltzea. Uraren egoera ere ari gara aztertzen. Zenbait iturrik erabateko jarioa du. Aseguruak aztertzen ere ari gara».
Egoerari aurre egiteko, Aldundiarekin elkartu direla ere jakinarazi dute. «Egoera gogorra da, baina irtenbideak badaude, eta ikuspegi zuhurrarekin planteatu dugu aurrekontua. Gastua kontrolatzeko asmoa ere badugu», dio Esther Lizarralde zinegotziak. «Hala ere, dugun aurrekontuarekin herrian arlo sozialari eta ekonomikoari dagokienean inbertsioak egin daitezke», gogoratu dute.
«Aldundiaren jarrera oso ona eta lasaigarria izan da guretzako», dio Alberdik. «Teknikoki eta era guztietara laguntzeko prest daude». Diputazioaren egoera ere larria da, baina irtenbideak topatzen ari dira», gogorarazi du Lizarraldek. «Udaletara bideratzen den laguntza ahal den zuzenena izateko ere lan ona egiten ari da diputazioa».
2010eko zorrak ordaintzen
«Aurreko agintaldiak utzitako herentziaren ondorioz, eta krisiaren eraginez, 2012 gogorra» espero dela ere gogoratu du Alberdik. Udalak 2009an 1,5 milioi euro inguru itzuli behar zizkion diputazioari. Legeak dio hurrengo ekitaldiko otsailerako ordaindu behar dela aldea; udala dirua jasotzekoa denean ere, data horretarako jaso behar du. Baina ez da hala egin, Alberdiren arabera. «2009an atzeratu egin zuen itzulketa aurreko udalak. 2010ean ez zuen dirurik itzuli, eta, horren ordez, 2011n 500.000 euro itzuli zituen. Aurten ere 500.000 itzuliko dira, baita hurrengo urtean ere». Beraz, «orain aldundiarekiko 2009ko zorra ordaintzen ari da udala. Hori hala, aurtengo 800.000 euroez gain, beste 500.000 euro ordaindu behar ditugu 2009koa itzultzeko».
Agintaldi honetan aldundia osatzen dutenek (Bildu) ez dute hori nahi, zinegotziaren arabera. «Arazoa luzatzea dela iritzi diote. Diru hori ez badago eskuragarri, hurrengo urteetan ere ez da egongo. Horregatik, 2011ko dirua orain itzultzea proposatu dute». Baina hori bai, «dena otsailean itzuli beharrean, urtean zehar itzultzeko aukera emango» dutela ere gaineratu du.
Desoreka horrek udaletxearen politikan ahalik eta gutxien eragin dezan nahi dutela adierazi du Lizarraldek. «Gure proiektuarekin aurrera egiteko asmo irmoa dugula esan nahi diegu azkoitiarrei. Egoera honek herritarrei ahalik eta gutxien eragiteko lanean jarraituko dugu».
Bankuekin ere udaletxe guztientzako mailegu aukera lotu du diputazioak. «Azkoitiko Udalak eska lezake, baina ez eskatzen saiatu behar dugu. Hala ere, aukera hori gorde egingo dugu», azaldu du Alberdik.