Ostiral gaueko sutearen ondorioz, guztira 26 lagunek egin dute lo etxetik kanpo, eta oraindik ez dakite noiz itzuliko diren. Hogei pertsona Larramendi hotelean daude, eta beste sei, lagun eta familiakoen etxeetan. Udalak, dagoeneko hasi dela kaltetuekin biltzen jakinarazi du, gaur eskaini duten agerraldian. “Orain, egoera konpondu bitartean etxerik gabe gelditu diren azkoitiar horiei bizitoki egoki bat topatzea izango da lehentasuna” jakinarzi du Pello Bastarrika alkateak.
Goizean aditu bat ibili da eraikinak aztertzen. Atzo suhiltzaleekin bildu zirela ere jakinarazi du alkateak, eta suhiltzaileak txostena egiten ari direla jakinarazi dute. Ertzaintza ere ari da beste bat egiten. Udaleko teknikariek hirugarren bat egingo dutela ere jakinarazi du Bastarrikak, eta horien zain daude orain, nahiz eta ez dakiten noiz jasoko diren zehazki; “egun batzuetan” izango dituztela esan du.
Zubixe elkartea arropa biltzen ari da kaltetuentzako, askok soinean zeukatenarekin atera beharra izan baitute, eta herritarrei laguntza eskatu diete kideek; besteak beste, neguko arropa eta maindireak behar dituzte.