Arratsaldean bilera egingo du Azkoitiko Udalak, goizeko sutean kaltetutako 14 lagunei eman beharreko presazko laguntzak erabakitzeko.
Goizeko hirurak aldean piztu da sua Nagusia kaleko 14. zenbakian. Hasiera batean itzaldutzat eman dute sua, baina goizeko bostak aldean berriz piztu da. Hirugarren eta laugarren solairuak jauzi egin dira, erreta. Bizilagunak atera egin behar izan dituzte etxetik, eta Azkoitiko hotel batera eraman. Eguerdira arte jardun dute lanean suhiltzaileek, egitura hoztu nahian, eta dagoeneko itzaldu dute sua.
Azpeitia, Eibar eta Legazpiko suhiltzaileak bertaratu dira. Baita Ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantziak ere.
Herrizaingo Sailak adierazi du ez dakiela zerk eragin duen sutea, eta ordezkariek jakin dutenaren arabera, bizilagunek ez dute kerik arnastu, eta ez dago zauriturik; onik daude. Egurrezkoa da etxebizitza, eta garrak ondoko eskatzetara zabaldu dira, 2 eta 16 zenbakien arteko eraikinetara, hain zuzen. Suhiltzailean bertan dira oraindik, eta lehen hipotesien arabera, berogailu batek eragina izan liteke sutea. Ikerketa abian da.