Gipuzkoako Diputazioaren Udalen Finantziazio Diru Fondoari 800.000 euro itzuli beharko dizkio Azkoitiko Udalak, aurreikusi baino 300.000 euro gehiago. Diputazioak espero baino diru sarrera gutxiago izan ditu 2011n eta horregatik “zuzendu egin behar” izan ditu aurreikuspenak.
Egoera horri “rtenbide egokia” aurkitzeko lanean aritu dela azken egunotan Azkoitiko Udala jakinarazi dute. “Argi genuen diru itzulketa horrek ezin zuela baldintzatu azkoitiarrei eskaini beharreko zerbitzua eta hori zihurtatzeko ahaleginetan aritu gara” esan du Urrategi Alberdi zinegotziak. “Gestio eta negoziazio asko egin dira eta diru hori itzultzeko mailegu bat eskatzeko aukera lortu du Azkoitiko Udalak: Diputazioa kreditu linea berezi bat emateko prest agertu da.
Baina Udalak kreditu hori ez eskatzea erabaki du, “momentuz” esan du Esther Lizarralde zinegotziak, bestela ere zorpetze handia daukalako iada, aurreko legegintzaldietan hartutako erabakien ondorioz. Azkoitiko Udalak “zuhurtziaz jokatzea” erabaki duela jakinarazi du, “argi ikusi” baitu gauzak orain arte egin diren moduan eginez gero “ondorioak larriak izan daitezkeela” Lizarralderen esanetan.
300.000 euro horiei aurre egiteko “lehendik ere estututa dagoen gerrikoa gehiago nola estutu aztertzen” ari dira, momentuan. Besteak beste, “ohiko gastuetan gutxiago gastatzeko ahalegina” egingo dutela esan du Alberdik: “argiterian, ur zerbitzuan eta bestelakoetan”.
“Aurreko legegintzaldiak utzitako herentziaren ondorioz eta krisiaren eraginez, 2012 gogorra espero da. Lehendik pilatutako zorra hor dago, eta diru sarrerak jaitsi egingo direla diote aurreikuspenek. Hala ere, gure proiektuarekin aurrera egiteko asmo irmoa dugula esan nahi diegu azkoitiarrei eta egoera honek herritarrengan ahalik eta eragin gutxien izateko lanean segituko dugula”, dio Alberdik.
Udal gobernuak argi daukala zein diren bere lehentasunak adierazi du Lizarraldek: “azkoitiarren arlo sozial eta ekonomikoan inbertitzea, herriaren eta herritarren garapena bermatzeko. Udal aurrekontuetan ere hori da gure helburua: azkoitiarren behar sozial eta ekonomikoei erantzutea eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea. Horiek izango dira lehentasunak, zailtasunak zailtasun”.