Azkoitiko EAJk 2012ko aurrekontuen inguruan bere iritzia plazaratzeko idatzia atera du. Bertan, EAJk «gehien sufritzen ari direnak eta jarduera ekonomikoa sortzen duten partidak lehenesten» jarraitzen duela esan du.
«Garai ekonomiko zail honetan», EAJk egin duen aurrekontuen proposamenak hiru irizpide nagusi dituela jakinarazi dute; «gastu arrunta doitzea, gastu soziala mantentzea eta aktibitate ekonomikoa sortzera bideraturiko partidak sustatzea». Bilduk proposatzen dituen igoera batzuk kritikatu dituzte, horretarako beste jaitsiera batzuk egin behar direlako: «Atzeraldi ekonomikoa jasaten ari garen une honetan, Bilduk proposatzen dituen Inmigrazioarako %23ko igoera, Berdintasunerako %56koa eta Euskarako %30ekoa eta gure enpresen lehiakortasuna sustatzeko partiden %20ko jeitsiera» kritikatu nahi ditugu. Proposatzeaz gain, Bilduk partida hauek eta Kontzejupetik aldizkariaren 85.000 euroak ukitu ezinak direla ere badio».
EAJren proposamena
EAJk, bere aldetik, honako aldaketak proposatu ditu aurrekontuetan: «Musika eskolaren handitzea eta irisgarritasun legeak eskatzen dituen neurrietara egokitzea, baserrien saneamentu eta ur horniketa hobetzeko dirulaguntzak, haurreskolarako dirulaguntzak edota etxaurreak berritzekoak; herriko elkarteentzako dirulaguntzak mantendu eta promozio ekonomikorako partidak mantentzea».
Elkarguneko kuota batzuen igoera ere salatu dute, eta amaitzeko honako salaketa egin du: «Aurrekontuak onartzeko daramagun prozesuan ikusi dugu Ezker Abertzalearen benetako aurpegia: plangintza, kudeaketa eta ideia garbirik eza, alegia».