Biharko HITZAn Ikasi Mobelteknica enpresaren inguruko erreportajea argitaratuko dugu. Hona aurrerapen bat.
Ikasi Mobelteknica enpresak hamahiru langile dauzka guztira, eta denak emakumeak dira. “Hau ez da meditatuta egin den gauza bat. Horrela gertatu da”, dio Uxoa Etxeberria Marketin eta Salmenta arduradunak. Enpresako nagusia jubilatu zenean emakumeak baino ez ziren gelditu, eta horra iritsi zirenean, enpresako politika moduan baldintza hori jartzea onartu zuten, hau da, bertan lanean hasteko emakumea izatea beharrezkoa da.
Ez dutela gizonak diskriminatzeko egin esan dute. “Industrian oinarritutako inguruan bizi gara”, gogoratu dute Etxeberriak eta Nora Sudupe kudeatzaileak. “Emakumeek zailtasunak dauzkate goi kargudun postuak lortzeko, batez ere haurdunaldiak direla eta” esan du Etxeberriak. Baina Ikasin emakuemak dira goi karguetan daudenak ere. Berdintasunera iristeko asko falta dela oraindik garbi daukate, eta honelako pausoak eman beharra ere argi ikusten dute.