Haurdunaldia, zaindu, sentitu babestu izenburuarekin haurdunaldiaren inguruko ikastaroa antolatu dute Azkoitiako Udalak eta Masquatrok Elkargunean. Otsailaren 1ean hasiko da, eta asteazkenero izango dira klaseak, martxoa amaitu arte.
Izena urtarrilaren 28a baino lehen eman behar da, Elkargunean bertan (943-85 25 44). Nahikoa jendek ematen baldin badu izena, bi talde osatuko dituzte; bat goizez eta bestea arratsaldez. Gehienez hamabi laguneko taldeak izango dira, eta gutxienez zortzikoak. Elkargunean bazkide direnei 60 euro kostako zaie parte hartzea, eta ez direnei, berriz, 100.
Hiru zatiko ikastaroa
Ikastaroaren eduki guztia hiru zatitan banatuko dutela jakinarazi dute. Batak elikadura izango du oinarri, eta hiru saio eskainiko dizkiote denera. Bigarrengo zatia, ezagutza fisiko eta psikologikoari buruzkoa, eta kasu horretan, bost saiokoa izango da. Azkenengo saioan, atsedena eta ergonomia aztertuko dituzte. Gai guztietan klaseak praktiko zein teorikoak izango dituztela aurreratu dute antolatzaileek.