Iraurgi Lantzen S.A.ko Turismo Sailaren eskutik, Azkoitiko Udaleko ordezkari gisa izan da Jon Juaristi, industria, merkataritza eta turismo zinegotzia Fitur nazioarteko turismo azokan, Madrilen. Urola Erdiko eta bereziki Azkoitiko eskaintza turistikoa sustatzea izan da bidai honen helburua. Eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo arduradunekin nahiz sektoreko beste zenbait eragilerekin bildu da Juaristi.
Recorriendo Euskadi atalean egon da Azkoitiko eskaintza presente, Gipuzkoan barrenako zirkuituen eta ibilbideen artean; hala nola, Gipuzkoa berdea eta Ignaziotar lurraldea zirkuituetan. Azkoitiko gune historikoa (eliza, jauregi eta dorretxeekin), Jorge Oteiza frontoiak, Izarraizko mendi ibilbide homologatuak, Zumarragarainoko Urolako bidegorria, eta Azkoitiko jatetxeak, eta hotel eta landaetxeak eta aterpetxeak aurkeztu dituzte, besteak beste.
Espainiako Turismo Institutuak (Turespaña) enpresetan kalitate sistemak ezartzen eta, oro har, sektoreko lehiakortasuna sustatzen egindako lana aitortu dio Urola Erdia eskualdeari, Euskadiko zenbait eskulderekin batera. Gaur goizean egindako ekitaldian jaso du diploma Juaristik.
Azpeitiko ordezkaritzak ere izan dira Fituren Iñaki Portilla zinegotzia eta Eneko Etxeberria alkatea, hain zuzen.