Azkoitiko Udalak, «herritarrekin eta auzolanean», larrialdi zerbitzua antolatu nahi duela jakinarazi berri du. Udalak larrialdi egoeretarako talde bat osatu nahi du, herritarrekin, sortu daitezkeen arazoei auzolanean aurre egin ahal izateko.
Inguruko herrietan badaude gisa horretako taldeak, eta haiekin harremanetan jarri da jada, «haien esperientzia ezagutu eta eskarmentuaz baliatzeko» asmoarekin. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan dela esan dute udal ordezkariek, gisa horretako taldeen nondik norakoak ezagutzeko.
Behin kontu horiek zehaztuta, Azkoitiko Udalak herritarrengana joko du boluntarioak lortzeko. Deialdi zabala egingo da, eta orduan izango dute aukera herritarrek izena emateko.
Ezbeharrei aurre
«Iragan azaroko euriteek agerian utzi zuten horrelako egoeretan aurreikusi ezinezko ezbehar ugari sortzen direla», esan dute udaletxetik. Azkoitian, zehazki, ibaiak ez zuen gainez egin, baina herrian izan ziren arazoak uraren ondorioz, eta errepideetan ere eragozpen bat baino gehiago eragin zituzten luiziek.
Azkoitia, «berez», ez dago «arrisku eremuan». Hala gogoratu dute, baina arazoak eta ezusteak edozein unetan gerta daitezkeela ere kontuan hartu beharrekoa dela iritzi dio Azkoitiko Udalak.