Azkoitiko Udalak larrialdi zerbitzu bat antolatu nahi duela jakinarazi du, “herritarrekin eta auzolanean”.
Udalak larrialdi egoeretarako talde bat osatu nahi du, herritarrekin, sortu daitezkeen arazoei auzolanean aurre egiteko. Inguruko herrietan badaude gisa horretako taldeak, eta haiekin harremanetan jarri da jada, “haien esperientzia ezagutu eta eskarmentua baliatzeko”. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan dela esan dute, gisa horretako taldeen nondik norakoak ezagutzeko.
Behin kontu horiek zehaztuta, Udalak herritarrengana joko du boluntario bila. Deialdi zabala egingo da eta orduan izango dute aukera herritarren izena emateko.
“Iragan azaroko euriteek agerian utzi zuten horrelako egoeretan aurreikusi ezinezko egoera ugari sortzen direla” esan dute. Azkoitian, zehazki, ibaiak ez zuen gainez egin, baina herrian egon ziren arazoak urarekin, eta errepideetan ere izan ziren eragozpenak luizien eraginez.
Azkoitia, “berez”, ez dagoela “arrisku eremu batean” gogoratu dute, baina arazoak eta ezusteak edozein unetan gerta daitezkeela ere badiote.