Joxe Mari Soraluze Balentziaga Epelde soinu-jotzaile handia hil da. Gaur izango da haren aldeko hileta, 19:30etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko parroki elizan izango da..
Epelde 1914an jaio zen Azkoitiko Martirieta bailarako Muno baserrian. Familiatik zetorkion musikarako zaletasuna. Aita eta aitona dultzaineroak izan ziren, baina berak soinu txikia aukeratu zuen. Epelde-k anaia eta Egurrola izan zituen panderoan lagun besteak beste. Txapelketetan aritzeaz gain, hainbat plaza eta erromeria alaitutako trikitilaria izan da Epelde.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2004an argitaratu zuen Xabier Gantzarainek idatzitako Epelde, mende baten soinua biografia liburua. Hona liburu horretatik ateratako Epelderen hitz batzuk:
“Behin, Zumarragan, santaisabeletan, trikitixa jotzera joateko deitu zidaten, eta han ari nintzen, jo eta jo, eta inguruan jende pila bat dantzan. Gero, Sakabi eta Elgeta agertu ziren, eta haiek ere jotzen hasi ziren. Jendea sakabanatzen hasi zela ikusi nuenean, hasi nintzen heldukoa jotzen, eta jendea berriz ere bueltan etorri zen”.
“Infernuko auspo-jotzailetzat ere hartu gaituzte, zenbait apaizek. Dirudienez, gaiztakerirako edo, bidea jartzen omen genuen. Geroztik, gauzak ederki asko aldatu dira. Iaz, trikitilarien jaialdian, soinua jotzen zerua irabazten ari ginela ere esan zigun apaizak”.