Hondakinen gaineko jardunaldiak antolatu ditu Ingurugiro Fundazioak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko urt. 13a, 06:00

Hondakinen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Ingurugiro Fundazioak datorren hilerako. Hondakinen kudeaketa: Hondakinen prebentzio politiken aplikazioa administrazioan eta enpresetan izena jarri diote jardunaldiari, eta bertan dioen bezala, enpresei e...

Hondakinen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Ingurugiro Fundazioak datorren hilerako. Hondakinen kudeaketa: Hondakinen prebentzio politiken aplikazioa administrazioan eta enpresetan izena jarri diote jardunaldiari, eta bertan dioen bezala, enpresei eta administrazio publikoei bideratuta dago, batez ere. Otsailaren 2an izango da Elkargunean, baina urtarrilaren 27an amaituko da izena emateko epea, eta ingurugiroetxeafunda-zioa@azpeitia.net helbidera mezua bidalita eman daiteke, edo bertara deituta.

Prebentzioan oinarritutako hondakinen kudeaketa lantzea du xede Ingurugiro Fundazioak; hau da, hondakinak gutxitzeko sistema garatzea. «Oraingoz orain gehien gerturatzen dena Zero Zabor programa dela ikusi dugu. Beraz, horretan dabiltzanak gonbidatu ditugu, Kataluniatik gehienak. Baina ez gara Zero Zabor programa azaltzera bakarrik mugatuko; helburua ez da hori», dio Orkatz Goenagak, Ingurugiro Fundazioko kideak.

‘Retorna’ ekimena
Retorna ekimenarekin lanean ari dira hizlariak. Enpresa bakoitzak produktuak biltzeko erabiltzen dituen ontziak edo materialak jasotzeaz arduratzea sustatu nahi du ekimen horrek. «Esnearekin, botila jaso eta garbitzeaz ekoizlea arduratzen den bezala, bestelako enbalajeekin ere hori egitea eskatzen du. Nahiz eta, egia izan, sistema horixe erabili produktu guztiekin».

Metodo horrek enpleguak sortzeko ematen dituen aukerak, eta zenbat diru aurrez daitekeen aztertuko dute. Bi enpresaren adibidea ere ikusi ahalko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide