Udalak eta Azkoitiko baserritarrek elurra egiten duen egunetarako protokolo bat hitzartu dute, arazoei aurre egin ahal izateko. Irailaren hasieran bildu ziren baserritarrak Udaleko ordezkariekin, eta errepideetatik elurra kentzeko zerbitzua ez zela egokia ondorioztatu zuten, besteak beste.
Abenduaren 20an egindako bileran adostu zuten protokoloa Udalak eta baserritarrek. Horri esker, zazpi baserritar arduratuko dira beharrezkoa denean baserri bideetan elurra kentzeaz. Azkoitiko zenbait auzotako bizilagun asko baserrietan isolatuta gelditzen dira elurte handiak egiten dituenean.
Inaxio Gorosabel, Obra, Zerbitzu, eta Baserriak zinegotziak adierazi duenez iaz elurra kentzeko bi makina zeuden, eta aurten zazpi izango dira, beraz, «errepideak azkarrago garbituko» direla adierazi du, «ahalik eta eragozpenik txikienak» izan daitezen. Lan hori egingo duten baserritarrek, elurra kentzeko egokitutako beraien traktoreak erabiliko dituzte. Beraz, eurak arduratuko direla baserrietarainoko bideak garbitzeaz jakinarazi dute, eta udala, berriz, koordinazio lana egiteaz.
Zenbait baserritan 60 tona gatz ere banatuko ditu Udalak. «Elurra egin bezperatan errepideetan botatzeko gatza banatuko zaie baserritarrei. Gatz zakuak prest dira eta laster izango dituzte etxeetan». Kaltetuak arduratuko direla gatza botatzeaz dio zinegtziak, baina «baserri altuenetan eta laiotzetan» bakarrik banatuko dute gatza; izan ere, errepidean eta lurzoruan kalteak eragiten ditu.
Herrirako ere prestatuta
Herrian ere elurra egiten duenenerako, hiru ibilgailu prestatu erabiliko dituzte kaleak garbitzeko. Espaloiak garbitzeaz, berriz, azpikontratatutako zerbitzu enpresa arduratuko dela eman dute jakitera Udaletik. Elurte handien kasuetan, gainera, baserrietako zazpi makinak horretarako ere erabiliko liratekeela gaineratu dute.