Astelehenean hamar urte bete ziren Jose Ramon Lete Alberdi Traki Frantzian atxilotu zutenetik. Azkoitiko herri bilguneak, Egin Dezagun Bidea ekimenarekin batera, autobusa antolatu du datorren larunbaterako, espetxeratuta dagoen kartzelara «elkartasuna eta babesa adieraztera» joateko. 2009ko abuztutik Lannemezango espetxean dago.
Eroski txikiaren aurretik abiatuko da autobusa 08:30ean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 18:00ak ingururako berriro Azkoitian izango da autobusa, espetxetik bueltan. Joan nahi duenak izena eman behar du aurretik, eta horretarako, Zakela tabernan dago ipinita zerrenda.
«‘Traki’ Azkoitira»
«1980an Azkoititik ihes egin behar izan zuen Traki-k», gogoratu dute bilguneko kideek. «32 urtean falta izan zaigu Traki herrian eta etxean». «Bada ordua Traki eta beste preso guztiak etxeratzeko», diote. «Oraingoz ezin dugunez Traki Azkoitira ekarri, azkoitiarrei dei egin diegu, Traki-rengana joan daitezen», diote.