Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteko bazkideei lizentzia berritzeko garai iritsi zaie. Abenduaren 31n amaituko da epea, eta arduradunek «lo ez hartzeko» eskatu dute. 2012ko prezioak zein izango diren ere jakinarazi dute: Zikloturisten lizentzia 85 eurokoa izango da, eta Master lizentzia, berriz, 90 eurokoa. Horri elkartearen urteko kuota gaineratu behar zaio, ordea, eta hamar euro izaten denez, 95 eta 100 euro ordaindu beharko dituzte hurrenez hurren. Hamar euro horiek «tramiteak osatzeko», antolatzen dituzten ekintetan «laguntza izateko», eta jubenilen lasterketetan «laguntzatxo» bat jasotzeko dela gogorarazi dute. Izan ere publizitatetik «euro bakar bat ere ez» dela sartu jakinarazi dute.
Lehenago ere lizentzia egina daukatenek, eta berritzeko asmoa baldin badute, jokinormaetxea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita nahikoa izango dute. Aurreneko aldiz izena eman nahi dutenek, berriz, orri batzuk bete behar dituzte beraien datuekin. Horretarako elkarteak e-posta bidez bidaltzen duen orri bat bete behar da. Behin hori egindakoan, postaz bidali behar zaie kontu korronteko zenbakiarekin batera. Helbidea hau da: Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkartea; 50 Posta Kutxa; 20720 Azkoitia.