Udal Gobernuak «aurrez aurre, bertatik bertara», herritarrei gaur egun Udalak daukan egoera ekonomikoa zein den azaldu nahi die. Gaur ziren egitekoak batzarra azalpen horiek guztiak emateko, baina atzeratzea erabaki dute, eta beraz, hilaren 27an izango da Baztartxo antzokian 19:00etatik aurrera. Bertan Udal Gobernuko ordezkariak eta udal teknikariak egongo direla adierazi dute.
Kargua hartu zutenetik Udal «garden bat osatzearen aldeko apustua» egin dutela adierazi dute gobernuko kideek, eta Udala nola jaso duten «argi» azaldu nahi izan dutela. Azken hilabeteak udaletxeko kontuak aztertzen ibili dira, eta ondorio nagusiak Kontzejupetik aldizkarian kaleratu zituzten. Orain, herritarrei aurrez aurre azaldu nahi diete hori guztia: «Herritarrek ere kontuak ikusi eta beren kezkak plazaratzeko gunea izatea nahi dugu» , azaldu dute Udaletik bilerari buruz.
Edonork izan ditzazkeen dudak argitzeko helburuarekin, beraz, Baztartxoko batzarrean parte hartzeko eskatu diete herritar guztiei. Horrez gain, Udal Gobernuak 2012ko aurrekontuak lantzen ari dela jakinarazi du. «Aurrera begira aurrekontuak lantzeko prozesu parte-hartzailea izatea nahi» baldin badu ere, «aurtengo egoeraren premiatasuna dela-eta», bestelako eran egin dituzte. Horregatik, Udal Gobernuak 2012rako egoera ekonomiko «larriari» aurre egiteko landutako irizpideak eta neurriak azalduko dituela jakinarazi du, eta aurrekontu proposamen bat luzatuko diela herritarrei, «beren ekarpenak edo eta zalantzak ere jaso ahal izateko». Horrekin batera aurrekontua nola osatzen den, zein atal dituen eta bakoitzean zer aurreikusten den ere azalduko dute.
EAJri erantzunez
EAJrentzat ere hitz batzuk izan dituzte Udal Gobernutik. «Azkoitiak soluzioak behar ditu, eta ez da soluzio antzu eta liskarretarako ordua, irtenbideak bilatzekoa baizik». Proposamenik baldin badute, badakitela Udal Gobernuaren ateak «beti» zabalduta daudela ere gogorarazi diete.
Duela bi aste Udal Gobernua osatzen duten zinegotziek udaletxearen egoeraren berri eman zuten. Jakinarazi zutenaren arabera, 11.795.987,63 euroko zorra izango du Udalak datorren urterako, eta Udalaren soberakina «hutsa edo negatioa» izango dela ere gaineratu zuten. EAJk, idatzi baten bidez, zorrarena jakinekoa zela esan zuen, eta aurreko agintaldiak soberakina ez zuela hutsik utzi ere bai.