Ostiralean eta larunbatean janaria biltzeko postuak jarriko dituzte Floreaga ikastetxeko kideek, Beninera janaria bidaltzeko helburuarekin. Duela aste batzuk ekin zion ikastetxeak Euskadiko Gazteak eta Garapena (EGG) gobernuz kanpoko garapenerako erakundearekin elkarlanean, ikastetxean bertan janaria biltzeari. Orain, kalean postuak jartzen hasi dira.
Lidl, Eroski txikia, Super BM eta Maxi Eroski supermerkatuen atarian jarriko dituzte postuak, bertatik igarotzen denari janaria bertan uzteko aukera eskainiz. Aurreko astean hasi ziren kalean janaria biltzeko postuak jartzen, Nerea Machado Floreagako gurasoak azaldu duenez.
Ikasleek oporrak hartu arte egongo da irekita janaria jasotzeko epea. Behin epea amaitutakoan, Iruñeara bidaliko dituzte, han edukiontzietan sartu eta Beninera eramateko. Ekimen hau egiten duten laugarren aldia da, eta iaz jaso zen kilo gutxien; 2.000 kilo — duela bi urte 3.000 eta duela hiru 4.000—. Aurten 2.000 kiloko kopurua gainditzea nahi dute.
Jarriko dituzten postuetan, esku-orriak banatuko dituzte, emateko egokienak diren elikagaien zerrenda azalduz. Alferrik galtzea gehien kostatzen den janaria ematea komeni dela jakinarazi du Machadok: «Adibidez, arroza, dilistak eta makarroiak».
Janaria ikasgeletan biltzen
Janaria biltzen heldu bat edo bi eta gazteak egoten direla azaldu du Floreagako gurasoak. Kalean biltzen hasi aurretik, janaria ikasgeletan jaso dute. Aurreko urteetan idazkaritzan jasotzen zuten arren, aurten ikasgelan bertan uztea pentsatu dute antolatzaileek, «ikasleek gehiago parte hartzeko helbururarekin».