Azkoitiko Egin Dezagun Bidea Ekimenak, urtarrilaren 7an Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestatzioan parte hartzeko gonbita luzatu die azkoitiar guztiei, «guztion artean bakarrik delako posible, guztion parte-hartzeari esker… Kolosala izango delako». Prentsaurreko bidez zabaldu zuten deialdia joan den asteburuan, eta bertan, sei eskaera egin zituzten, «aro politiko berri batek Euskal Herria argitu» duela azpimarratuta. Aurreneko eskaera, «euskal presoak Euskal Herrira ekartzea» izan da; bigarrengoa, «Espainiako estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea. Finean, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea». Hirugarrena, Frantziako Gobernuari zuzendutako mezua izan da, «Frantziako estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunei bide emanez»; laugarren puntuan «zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoen kaleratzea» eskatzen dute; bostgarrengoan, «gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen zaintza egokirako beharrezko neurriak hartzea. Finean, presoen osasunerako eskubidea bermatzea da eskatzen duguna”; Azkenenekoan honakoa eskatzen dute: “Ireki den aro berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan ezartzea”.