500 parte-hartzailetik gora izan du Azkoitiko VII. Lasterketak, eta horien artean, Sergio Garcia oñatiarra eta Rosi Talavera hendaiarra izan dira garaile. Gizonezkoetan, hirukote batek agindu du ia hasieratik: Garciarekin batera, Pedro Muñoz azkoitiarra eta Juango Igarzabal zumarragarra izan da lasterketa burua. Azken txanpan, erritmoa bizitu du oñatiarrak eta alde justuarekin bada ere, txapela lortu du, 30:58ko denborarekin. Bigarren postuan etxeko korrikalaria helmugaratu da (31:04) eta Igarzabal, berriz, hirugarren (31:13). Emakumezkoetan, Rosi Talavera beteranoarentzat izan da garaipena; hasieratik aurrean jarri da eta nagusitasunez gailendu da, 37:35eko denborarekin. Bigarren postuan beste lasterkari beterano bat sailkatu da, Marisol Ramos oñatiarra (38:02) eta hirugarren, Olatz Gabilondo azkoitiarra (39:54). Parte-hartzaileek 10 kilometroko proba osatu dute, herrian barna itzuli labur bat eta bi luze eginez, herritarren txalo eta animo artean.