Udal Gobernuak herriko sektore desberdinetako eragileekin bilera egin zuen atzo, azaroak 23, herritar eta elkarteen parte-hartzea bultzatzeko dituen egitasmoen berri emateko helburuarekin. Modu honetan, Esther Lizarralde zinegotziak “azkoitiarren partaidetza bermatu eta horretarako abian jarri dituzten tresnak” azaldu zituen.
Parte-hartze ordenantzaren zirriborroa dagoeneko eginda dutela aurreratu zuen; “Ordenantza honek partaidetza bermatzeko jarriko diren baliabideak adierazten ditu eta horrela eskatzen duten herritarrei kopia bat emango zaie ekarpenak egin ditzaten”. Bestalde, “Udala eta herritarrak gerturatzeko, informazio eta komunikazio kanalak indartuko direla” ere gaineratu zuen. Zentzu horretan, Udaleko webgunean eta aldizkarian herritarren iritziak lekua izango du eta era berean, azkoitiarrek izan ditzaketen kexa eta iradokizunak jasotzeko buzoiak jarriko dira herriko gune desberdinetan.
Kontseilu eta auzo batzarrak
Azkenik, arlokako kontseiluak eta auzo batzarrak abian jartzeko asmoa erakutsi zuen Lizarraldek. “Ezinbestekoa da inplikatuta dauden arloen proposamenak jasotzea, horrela, etorkinen integrazioa, Kultura edota Berdintasun kontseiluak sortuko dira”.